"Eraldaketa feminista eskatzen duen krisiaren aurrean" kalera irtengo dira martxoaren 8an Donostiako koordinakunde feministako kideak. 19:30ean egingo dute manifestazioa, Bulebarretik abiatuta. Hainbat hiritan egingo dituzte elkarretaratzeak Emakumeen Nazioarteko Egunean.
"Krisi ekonomikoa" delakoa "eskubideen krisi" bihurtu dela salatu dute. Haien arabera, murrizketak pairatzen dituztenak hezkuntza, gizarte zerbitzuak, gazteentzat etxebizitzak lortzeko politikak, pentsioak eta alargunen eta etorkinen eskubideak dira. "Argi daukagu eskubideen murrizketa horiekin klaseen eta sexu-generoen arteko bereizketa eta desberdintasunak areagotzen ari direla", azaldu dute gaur goizean.
"Eskuineko mugimendu kontserbadorearen atzerapausoak" ere salatu dituzte: "Abortuaren legea aldatu nahi dute; tratu txarrak jasandako emakumeak babesteko neurri polizialak jarri nahi dituzte; euren programa politikoan ez da lesbiana, gay, transexual, bisexual, queer edo intersexualen kolektiboaren eskubideen inguruan planteamendurik azaltzen; eta indarkeria matxistaren aurka jarritako neurriek, legeek, biktimizazioa bultzatzen dute".
Emakumeen eta feministen parte hartzea "ezinbestekotzat" jotzen dute, eta sexu-genero gatazkari izaera politikoa ematearen garrantzia azpimarratu dute.