Roberto Uriarte idazkari nagusi ohiak kargua utzi zuenetik zuzendaritzarik gabe zegoen Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Ahal Dugu, iazko azarotik. Madrilen finkatu behar zituzten primarioetarako datak, eta gaur iragarri dituzte: otsailaren 29tik martxoaren 6ra bitartean izango da alderdi barruko hauteskunde kanpaina. Bozketak, berriz, martxoaren 3tik 6ra artean egingo dituzte.
Zuzendaritza baten beharra "ahalik eta azkarren" osatzeko ahotsak entzun dira azken egunetan. Besteak beste, Ahal Dugu-ko Ekintza Politikoko arduradun ohi Luis Alejosek "lurralde zuzendaritza" ez edukitzearen ajeak kritikatu zituen. Espainiako Podemosen zuzendaritzaren zain egon beharrak euskal gizartean erreferentzia galtzea dakarkio Ahal Dugu-ri, haren ustez. "Ahal Dugu-ren ahotsa argi eta garbi entzutea galerazten du, abenduaren 20ko hauteskundeetan botoetan lehen indarra izan zen arren". Alejosen ustez, primarioak egiteko beharra "larria" da, eta horien "atzeratze ulertezina" kaltegarria da alderdiarentzat.