Martxoaren 8ko Batzordeak eutsi egin dio gaurko Iruñean antolatu duen manifestazioari

Gaztelu plazatik abiatuko da, 19:00etan, Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzak debekatu arren.

2008ko martxoaren 8a
17:40
Entzun
J. Goikoetxea

Iruñeko Martxoaren 8ko Batzordeak eutsi egin dio gaurko, Emakumeen Nazioarteko Egunerako, deitutako manifestazioari. Espainiako Gobernuaren Nafarroako Ordezkaritzak manifestazioa debekatu eta Nafarroako Auzitegi Nagusiak debekua berretsi arren, Martxoaren 8ko Batzordeak manifestazioan parte hartzeko eskatu die herritarrei. Manifestazioa 19:00etan abiatuko da Gaztelu plazatik. Espainiako Gobernuaren Nafarroako Ordezkaritzak gaurko beste zenbait mobilizazio ere debekatu zituen: Iruñeko Arrotxapea auzoan, Altsasun, Barañainen eta Arbizun. Barañainen, baina, elkarretaratzera deitu dute gaur 12:30ean, plazan.

Hilabete baino gehiago da Iruñeko Martxoaren 8ko Batzordeak eskatu zuela manifestazioa gaur egiteko baimena. Espainiako Gobernuaren Nafarroako Ordezkaritzak eman egin zion, zirkulazio arazoak zirela eta ibilbidean zenbait aldaketa eginez. Iragan astelehenean, ordea, manifestazioa debekatu egin zuen, gaur hauteskunde bezperako gogoeta eguna delako. Espainiako Gobernuaren Nafarroako Ordezkaritzaren esanetan, Madrilen hartutako erabaki batean oinarritu zuten Iruñeko debekua: Espainiako Gobernuaren Madrilgo Ordezkaritzak martxoaren 8ko manifestazio bat debekatu zuen gaurkoa gogoeta eguna delako.

Debekua jaso ostean, Iruñeko Martxoaren 8ko Batzordeak administrazioarekiko auzi helegitea aurkeztu zuen asteartean, eta Nafarroako Auzitegi Nagusiak herenegun jakinarazi zuen erabakia: auzitegiak babestu egin zuen Espainiako Gobernuaren Nafarroako Ordezkaritzak ezarritako debekua. Nafarroako Auzitegi Nagusiaren esanetan, jakina da manifestazioen helburua ez dela hauteskundeetarako kanpaina egitea, edo bozak lortzea, baina «protesta izaera» dutela dio. Epaiaren arabera, martxoaren 8an «bidezko gizarte eta politika aldarrikapenek boto eskubide aktiboarekin talka» egiten dute, «ezohiko egun horretan». «Biltzeko eskubidea eta bozkatzeko eskubidea kontrajartzen dira, eta Auzitegiak bigarren eskubidearen gailentzearen aldeko hautua egin du», nabarmendu du.

IA EHUN URTEKO OSPAKIZUNA. «1910ean Clara Zetkin militante sozialistak eskatuta Emakumeen Nazioarteko Eguna onartu zenetik ia ehun urte igaro dira», gogoratu du Iruñeko Martxoaren 8ko Batzordeak adierazpen batean. Eta Espainiako Gorteetarako hauteskundeak martxoaren 9an jarri izanak ezin dituela baldintzatu martxoaren 8ko ekitaldiak. «Maiatzaren 1eko manifestazioa apirilaren 30ean ezarriko al lukete? Maiatzaren 2an hauteskunde orokorrak deitzera ausartuko al lirateke? Ez ote dira hirugarren planoan geratu berriz ere emakumeon eskubideak, desioak, interesak?», galdetu du Batzordeak.

Salatu du hauteskundeek ezin dituztela emakumeen eskubideak baldintzatu, eta alderdi politikoek «ustez» egiten duten emakumeen eskubideen defentsa «hipokrisia» besterik ez dela. Iruñeko Martxoaren 8ko Batzordeak gaurko mobilizazioen garrantzia nabarmendu du: «Askorentzat borroka eta ospakizun eguna da. Kalea okupatzeko eguna, historikoki ukatu zaigun espazioa eskuratzeko eguna. Urte guztian bizitzako eremu guztietan zor zaigun protagonismoa aitortzen zaigun egun bakarra».

41 taldek elkartasuna adierazi diote Iruñeko Martxoaren 8ko Batzordeari: besteak beste, LABek, CGTk, Andreak, Emakume Internazionalistek, Askapenak, Itoizko Solidarioek, Sortzen Ikasbatuazek, IAk eta Nafarroako SOS Arrazakeriak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.