Euskal Herriko plataforma feministak azpimarratu du indarkeria matxista ez direla kolpeak eta hilketa soilik, eta estrukturala dela berretsi du. "Sistema jakin batean oinarritzen da; hain zuzen ere, emakumeok beldurra izateko sozializatzen gaituen eta gure gorputzak ahultzat eta gizonezkoenak oldarkortzat jotzen dituen sistema batean". Horregatik, azpimarratu dute mugimendu feministaren borroka, "patriarkatuaren" kontrakoa ez ezik, kapitalismoaren kontrakoa ere izan dela. "Izan probrezia, arrazakeria, indarkeria matxista, heterosexismoa, eurozentrismoa, esklabotza edo inperialismoa". Borroka hori mobilizazioekin egin dutela nabarmendu du, eta mobilizazioetarako deia egin dute Martxoaren 8ari begira ere.
Martxoaren 8aren atarian, apirilaren 9an Gasteizen egingo duten manifestazio nazionalerako deia egin dute Euskal Herriko plataforma feministako kideek. 11 eraso, 12 erantzun Feministok prest leloarekin egingo dute manifestazioa. Eta, horretaz gain, martxoaren 8an egingo diren mobilizazioetan parte hartzera ere deitu dute.
Gizartea eraldatzeko saioa egingo dutela azpimarratu dute, "elkarrekin aliatuta eta sarean antolatuta". Izan ere, diotenez, Euskal Herriko mugimendu feminista "batuta eta iraultzarako prest" dago.