Datorren martxoaren 9an, 17:00etan, Bulebarrean hasita, Donostiako hamabost gazte auzipetuen aldeko manifestazioa egingo dute Euskal gazteria libre eta legala lelopean. Horrez gain, epaia atera bitartean elkarretaratzea egingo dute ostegunero, 19:00etan, Donostiako Artzain Onaren katedralaren aurrean.
Espainiako Auzitegi Nazionalak Segi erakundeko kide direlakoan zigortu zituen. Urtebetera, Auzitegi Nazionalak kartzela zigorrak baliogabetu zituen. Gorenak arrazoi eman zien gazteek aurkeztutako helegiteei. Adierazi zuen epaiak ez zuela hainbat frogari buruzko inolako baloraziorik egin; hortaz, ez zela osoa. Epaia errepikatzeko agindua eman zuen. 2013ko otsailaren 13an berrikusi zuen epaia Auzitegi Gorenak. Egun hartan zigorrak berresteko eskatu zuen fiskalak, eta orain auzitegi horren epaiaren zain daude. Sei urteko kartzela zigorra eskatzen dute haientzat, Segi gazte erakundeko kide izatea leporatuta.
Azken hilabeteetan eragile sozial, sindikal eta politikoekin erronda bat egiten ari dira gazteak eta Eleak mugimenduko kideak, gazteek bizi duten egoera zein den azaltzeko eta babesa jasotzeko. Jakinarazi dute epaia aurkakoa izanez gero, edozein unetan atxilo ditzaketela.
Hamabost gazte horien artean dago Ekaitz Ibero donostiarra. Autobus bat erre izana leporatuta, lau urte eta hiru hilabeteko kartzela zigorra ezarri zion Auzitegi Nazionalak, eta jarritako helegitea atzera bota zuen Auzitegi Gorenak; beraz, zigorra berretsi zuen. Otsailaren hasieran aurkeztu behar zuen espetxera, baina ez zen azaldu, eta Euskal Herrian geratuko zela jakinarazi zuen.