Politika

Martxoaren amaierarako nazio eraikuntzari eta bakegintzari buruzko txosten bana egingo ditu Nazio Eztabaidaguneak

Euskal Herriko egoerari buruzko diagnosia adostu du Nazio Eztabaidaguneak, eta, orain, bigarren epe batean, nazio eraikuntzari zein bakegintzari buruzko proposamen bana lantzeari ekingo dio. Horretarako, otsailaren 14an bigarren faseko ekarpen foroa egingo dute, eztabaidaguneak prestatutako txostenetan oinarrituta, herritarren ekarpenak jasotzeko. Martxoaren 27an, berriz, ekarpen horiek adostu eta proposamen zehatz bana onartu nahi dituzte osoko bilkuran. Nazio Eztabaidaguneko Talde Sustatzaileko Martin Aranburuk eta Maite Aristegik eman dute horren guztiaren berri, eta diagnosia egiteko garaian adostasuna lortzeko egin den ahalegina nabarmendu dute.

2004ko urtarrilaren 3a
16:36
Entzun
Aranburu eta Aristegiz gain, Koldo Tellitu, Joxe Iriarte 'Bikila', Txutxi Ariznabarreta, Juan Karlos Alduntzin, Mertxe Colina eta Josu Erkiaga izan dira prentsaurrekoan.

Diagnosia adosterakoan zailtasun bat baino gehiago izan dutela onartu dute, baina oztopoen gainetik jarrerak hurbiltzeko borondatea nagusitu dela azpimarratu du Aranburuk. Hain zuzen ere, adostasuna lortzeko zailen gertatu zaien gaia indarkeriaren auzia izan dela onartu du Talde Sustatzaileko kide horrek, baina, azkenean, giza eskubideen urraketa guztiek nazio eraikuntza eta bakegintza zailago egiten dutela esateko adinako kontsentsua lortu dutela azaldu du.

Ildo horretatik, Nazio Eztabaidagunea ekimen plurala dela azpimarratu dute; areago, Euskal Herriko sektore politiko gehienen ikuspuntuak islatu direla esan du Aristegik. Baina eztabaidagunearen zabaltasunari dagokionez, ez dute orain arte egindakora mugatu nahi, eta hori da bigarren faserako ezarri duten helburuetako bat: lehen aipatutako proposamenak lantzeaz gain, beren ekimena oraindik eta sektore politiko gehiagora zabaltzea.

Horregatik, nazio eraikuntzako txostena eta bakegintza edo gatazka gainditzeri buruzkoa erabat bereiziak izango direla nabarmendu dute. Hots, hartara nazio eraikuntzan sinesten ez duten sektoreek gatazka gainditzeko proposamenetan parte har dezaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.