Martxoko

EAk diputatua galtzeko arriskua du, EB eta Aralar elkarrekin aurkeztuz gero ordezkaritza lortzeko aukera lukete, eta EAE-ANVk bi edo hiru diputatu lortzekoa, legez kanporatuko ez balute.

Imanol Murua Uria.
2008ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Hego Euskal Herriak 23 ordezkari bidaliko ditu Espainiako Kongresura, duela lau urte baino bat gutxiago, Bizkaian erroldatuen kopurua jaitsi egin denez bederatzi beharrean zortzi diputatu aukeratuko baitituzte. Eserleku horietako askok jabea badute dagoeneko, baina beste asko dantzan egongo dira, martxoaren 9ko gauean azken botoak zenbatu artean.

Kalkuluak egiteko, inkestei ez ezik aurkarien koalizio asmoak zertan gelditzen diren ere erreparatu beharra dute alderdiek, baita, aldi berean, auzitegien erabakiei ere. Izan ere, Eusko Abertzale Ekintza-ANVk aurkezteko aukera izan edo ez izan, eserleku batzuk lortzea garestiago edo merkeago izango da, ezker abertzaleko alderdia bi edo hiru ordezkari lortzeko moduan izango bailitzateke, iaz foru hauteskundeetan lortutako emaitzetara helduz gero. Ezker Batua eta Aralar koalizioan edo norbere kasa aurkezteak ere zaildu edo erraztu egin diezaieke gainerakoei ordezkaritza lortzea, bai Gipuzkoan eta bai Bizkaian, bi herrialde horietan sartuko bailitzateke koalizioa ordezkaritza lortzeko lehian.

Espainiako Gorteetarako bozetan PSOEren eta PPren artean izan ohi den lehiagatik, oso gutxi gorabeherako erreferentzia baino ezin dira izan foru hauteskundeetako azken emaitzak, baina eserlekuen lehian zein sar daitezkeen aurreikusteko baliagarria izan daiteke, betiere kontuan hartuta PSOEk eta PPk boto gehiago lortu ohi dituztela Espainiako orokorretan, foru hauteskundeetan baino.

Gipuzkoan, lehia irekia

Beste inon baino alderdi gehiago daude Gipuzkoan diputatuen lehian sartzeko moduan. Duela lau urte bina diputatu lortu zituzten PSE-EEk eta EAJk, eta bana PPk eta EAk. Azken hauteskundeetako joerei erreparatuta, alderdi sozialistak eta jeltzaleak ziurtatuta dute diputatu bana, baina beste lau aulkien arteko dantza handia izan daiteke.

Aldagaiak asko dira.

Batetik, EAE-ANV. Legez aurkeztea lortuko balu, diputatu bat behintzat lortuko luke, ezker abertzaleak herrialde honetan azkenaldian lortu dituen emaitzetatik oso behera gelditzen ez bada behintzat, eta bigarrena lortzeko lehian sartzeko moduan legoke -iazboto baliogabeen arabera lortutako emaitzen arabera, adibidez, bi lortuko lituzke-.

Bestetik, EB eta Aralar. Koalizioan aurkeztuz gero, diputatua lortzeko norgehiagokan sartuko litzateke bete-betean - duela lau urtebi alderdiek bereizita lortu zituzten botoak batuz gero lortuko luke, eta iaz koalizioak lortutako emaitzen arabera ere bai-, baina bereizita aurkeztuz gero lehiatik urruti leudeke.

EAE-ANVrekin eta EB-Aralar koalizioarekin, EAk oso zaila izango luke eserlekuari eustea, PPk ere arriskua luke duen diputatu bakarra galtzeko, eta EAJk edo PSE-EEk -atzetik gelditzen denak- bakarrarekin gelditzeko arriskua izango lukete.Aitzitik, EAE-ANV legez kanporatuz gero eta EB eta Aralarrek koaliziorik egingo ez balute, ez litzateke harritzekoa duela lau urteko banaketa errepikatzea, eta EAk ere ordezkaritzari eustea.

Bizkaian, bat gutxiago

Eserlekuak garestiago izango dira Bizkaian, aurreko legealdian baino diputatu bat gutxiago izango baitu herrialdeak. Iazko foru hauteskundeetako proportzioen arabera, PPk galduko luke, eta bakarrarekin gelditu, baina PSE-EEren hirugarrena ere hortxe legoke, EAJren laugarrena baino arrisku handiagoan. EAE-ANV legez kanporatzen ez badute, iazko emaitzekin (69.200) diputatu bat lortuko luke, PSE-EEren hirugarrenaren kalterako.

EB eta Aralar koalizioan aurkeztuz gero, aukera lukete ordezkaritza lortzeko: duela lau urte 62.000 boto behar izan ziren Bizkaian diputatua lortzeko, eta bi alderdien artean 72.000 batu zituzten; iazko foru bozetako emaitzekin, ordea, ordezkaritza lortzeko mugan geldituko lirateke.

Araban, lehen indarra nor

Lehen indarra zein izango den besterik ez dago ikuskizun Araban, lau diputatuen banaketari dagokionez. Emaitzetan ustekabe handirik ez bada behintzat, diputatu bana ziurtatua dute PSE-EEk, PPk eta EAJk, eta hiruen artean nagusitzen denak eramango luke laugarren diputatua. 2004ean PSE-EEk lortu zituen bi diputatu, eta bana beste biek, baina iazko foru bozetako parekotasunak - 40.000 botoren mugan gelditu ziren hiruak, zazpiehun botoren barruan- adierazten du bigarren diputatua lortzeko lehia ondo estua izan daitekeela.

EB eta Aralar koalizioan aurkeztu edo ez, Araban nekez baldintzatuko du banaketa, bi alderdiek herrialde honetan lortu ohi dituzten botoak baino askoz gehiago lortzen ez baditu, behintzat, koalizioak. EAE-ANV ere zaila du laugarren diputatuaren lehian sartzea: 2004an gutxienez 28.000 boto behar ziren ordezkaritza lortzeko, eta iazko foru hauteskundeetan 17.105 atera zituen, baliogabeak kontuan hartuta.

Nafarroan, bosgarrena airean

Duela lau urte lehen indarrak (UPN) eta bigarrenak (PSN) bina diputatu lortu zituzten, eta hirugarrenak (Nafarroa Bai), bat. Azken urteetako bozen joerari erreparatuta, esan liteke UPNk bi diputatu ziurtatuta dauzkala, eta PSNk eta Nafarroa Baik ere bai, bana. Bosgarrena zeinek eramango duen da jokoa.

Foru hauteskundeetan NaBai izan zen bigarren indarra, PSNren aurretik. Baina, Espainiako hauteskunde orokorretan ere bigarren postuari eutsiko balio ere, banaketa iazko emaitzen arabera eginez gero, bosgarren diputatu hori ez luke NaBaik eramango, UPNk baizik: ia 78.000 boto lortu zituenNaBaik, eta 92.000 beharko lituzke, iazko proportzioetan, UPNri hirugarrena kentzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.