Euskal estatuari buruzko ikerketa

"Masa kritikoa nahikoa badago euskal estatua eraikitzen hasteko"

'Euskal estatua irudikatzen' ikerketa egin dute Ipar Hegoa fundazioak eta Parte Hartuz-ek. Egileen ustez, «masa kritiko nahikoa» dago euskal estatua eraikitzen hasteko.

gotzon hermosilla
2016ko martxoaren 17a
18:59
Entzun

Ohikoa izaten da instituzio, unibertsitate eta gizarte ikerketan aritzen diren talde eta enpresen inkestetan nazio identitatearekin zerikusia duten gaiez galdetzea: independentzia bai ala ez, erabakitzeko eskubideari buruzko iritzia, galdekatua euskal herritar huts, espainiar edo frantses sentitzen ote den, eta abar. Baina euskal estatuaren aukera eta ezaugarriak ardatz dituen ikerketarik apenas egon den orain artekoan.

Hutsune hori bete nahi izan dute Ipar Hegoa fundazioak eta Parte Hartuz ikerketa taldeak Euskal estatua irudikatzen. Euskal estatuaren aurreko iritziak eta jarrerak Euskal Herrian. Azterketa kuantitatiboa eta kualitatiboa izeneko lan mardularekin. Izenburuak adierazten duen moduan, azterketa kuantitatiboa eta kualitatiboa uztartu dituzte ikerketan: alde batetik, 2.000 inkesta inguru egin dituzte Euskal Herriko lurralde guztietan, eta, beste aldetik, eztabaida taldeak eta eragile esanguratsuekin egindako elkarrizketa sakonak erabili dituzte herritarrek auziaren inguruan duten iritzia hobeto ezagutze aldera

Ipar Hegoa fundazioko Jagoba Zuluetak eta Parte Hartuz ikerketa taldeko Julen Zabalok aurkeztu dute txostena. Zuluetak esan duenez, ikerketak erakusten du «masa kritiko nahikoa» badagoela «euskal estatu baten eraikuntzari ekiteko», eta horixe nabarmendu du ikerketatik ondoriozta daitekeen ideia nagusi gisa.

Beste bi ondorio nabarmendu ditu Zuluetak: ikerketaren argitara, euskal herritar gehienek uste dute beraiengan dagoela horrelako prozesu baten inguruko erabakiak hartzeko gaitasuna eta zilegitasuna. Eta, azkenik, euskal estatuaren eskaintzaren arrakasta «demokrazian sakonduz eta sozialki eta ekonomikoki justuagoa izango den jendartea erakitzeko baliagarri izatean» datzala ondorioztatu du Zuluetak.

Txosten mardula da Ipar Hegoak eta Parte Hartuz-ek taxutu dutena, 116 orrialde, eta arretaz aztertuta xehetasun eta ñabardura interesgarri ugari agertzen ditu.
 

EUSKAL ESTATUA

Independentziaz harago

Ikerketaren egileek diotenez, estatua eta independentzia ez dira parekideak. Independentzia euskal abertzaletasunak defendatzen duen jarrera ideologikoa da, eta euskal estatua, berriz, «egitura politiko administratiboa» da, eta eragile askok —ideologikoak izan ala ez— baldintza dezakete horri buruzko iritzia. Lan honetan euskal estatua izan dute aztergai, eta horretaz galdetu diete inkestari erantzun diotenei zein eztabaida taldeetan aritu direnei.

Aurkezpenean nabarmendu dute estreinakoz hartu dela euskal estatua horrelako ikerketa bat egiteko ardatz nagusitzat. Zabalok esan duenez, litekeena da hori «nahasgarri» gertatu izana ikerketan partu hartu duten batzuentzat, baina ziur agertu da horrek «funtsezko aldaketa» ekartzen diola gaiari heltzeko moduari eta askoz «zehatzagoa» dela herritarrei zuzenean estatuaren aukeraren inguruan galdetzea.
 

LURRALDETASUNA

Zer den Euskal Herria

Euskal estatuak hartuko lukeen lurraldeaz hitz egiteko orduan, ezinbestekoa da jakitea euskal herritarrek zer ulertzen duten Euskal Herriaz ari direnean. Herritar gehienek, %46,2k, zazpi lurraldeekin identifikatzen dute Euskal Herria, baina bestelako identifikazioak ere badaude, eta, gainera, aldatzen dira herrialde batetik bestera. Herritarren %40,9k Euskal Autonomia Erkidegoa osatzen duten hiru herrialdeez dihardute Euskal Herriaz ari direnean; Nafarroan gehiengoa osatzen dute Euskal Herria Arabarekin, Bizkaiarekin eta Gipuzkoarekin identifikatzen dutenak: %57,9. Ipar Euskal Herrian, berriz, herritarren %59,8k Lapurdirekin, Nafarroa Beherearekin eta Zuberoarekin identifikatzen dute Euskal Herria.
 

ERABAKITZEKO ESKUBIDEA

Bi herenak, alde

Euskal herritar gehienak, %66,8, erabakitzeko eskubidearen alde daude. Euskal estatuaren alde agertzen ez diren askok ere uste dute erabakitzeko eskubidea «printzipio demokratikoa» dela, eta horren alde agertzen dira, nahiz eta adierazi euskal estatua sortzeari buruzko galdeketa batean ezezko botoa emango luketela.

Aldeak alde, joera hori herrialde guztietan agertzen da. Erabakitzeko eskubidearen alde daudenak %71,3 dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, %57,1 Nafarroa Garaian eta %52,9 Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan.
 

IRITZIA EUSKAL ESTATUAZ

%40,7 alde, %35,3 kontra

Inkestaren datuen arabera, herritar gehienek adierazi dute euskal estatua edo nafar estatua sortzearen alde daudela. Hala ere, multzo horren eta kontra daudenen arteko aldea ez da oso handia: %40,7 alde daude, eta %35,3 kontra. Gainerakoek, %24k, ez dakite zer erantzun edo abstentziora joko lukete galdeketa batean. Baina emaitzak ez dira homogeneoak euskal lurralde guztietan: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan euskal estatuaren alde daudenak %42,5 dira, Nafarroa Garaian berriz %40 —kontra daudenak baino gutxiago: %41,8— eta Ipar Euskal Herrian %28,3 baino ez.

Joan den astean plazaratu ziren Eusko Jaurlaritzak aldiro-aldiro egiten duen Soziometroa izeneko ikerketaren emaitzak. Horien arabera, Euskal Herriko independentziaren aldekoak %19 ziren Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, «inoizko kopururik apalena», zenbait hedabidek nabarmendu zutenez. EHU Euskal Herriko Unibertsitateak egiten duen Euskobarometro izeneko ikerketaren azken txostenean —2015eko maiatzekoa da— agertzen zen hiru herrialdeotan %30 zirela independentziaren aldekoak.

Desberdintasun horiei buruz galdetuta, Zabalok azaldu du emaitzak ez direla kontrajarriak, «osagarriak» baizik; argitu du gakoa dela inkesta bakoitzean zertaz galdetzen ari den. Izan ere, gainerako inkestetan independentziari buruzkoa zen galdera, maiz sentimendu, nazio partaidetza eta ideologiari loturiko kontzeptua. Ikerketa honetan, galdera estatuari buruzkoa izan da, hots, egitura politiko-administratibo zehatz baten ingurukoa.
 

Grafikoak

ALDEKOEN ZERGATIAK

Nazio sentimendua, gakoa

Batez ere, abertzaleak edo Euskal Herria naziotzat jotzen dutenak dira euskal estatuaren alde daudenak. Euskal kultura bermatzeko, justizia soziala bultzatzeko eta egitura demokratikoago eta gardenagoa izateko nahia aipatu dute beste batzuek euskal estatuaren aldeko jarrera arrazoitzeko.

Ikerketan zenbait aldagai ere aztertu dituzte euskal estatuaren alde daudenen ezaugarriak zeintzuk diren hobeto jakiteko. Horren arabera, euskal estatuaren aldeko jarrera handiagoa da zenbat eta gazteagoa izan, zenbat eta ikasketa maila handiagoa izan, zenbat eta hurbilago egon politikoki aukera abertzaleetatik, zenbat eta euskara gehiago jakin, eta zenbat eta, nazionalki, euskal herritarrago edo nafarrago sentitu. Nazio sentimendua gakoa da horretan: soilki euskal herritar edo nafar sentitzen direnen %82,2 daude euskal estatu baten aukeraren alde.

Era berean, euskal estatuaren aldeko jarrera handiagoa da inkestatua eta haren guraso biak Euskal Herrian jaioak badira, eta txikiagoa inkestatua eta haren gurasoak Espainian edo Frantzian jaioak badira; azken horien artean, %14,8 alde daude, eta %53.8 kontra. Joera hori ez da hain nabarmena beste estatu batean jaiotako etorkin berrien kasuan: %24.3 alde daude, eta %47,1 kontra.
 

KONTRAKOEN ARRAZOIAK

Onurarik ez

Espainiar edo frantses sentitzen direnek eta aldaketaren beharrik sumatzen ez dutenek, aldiz, euskal estatuaren kontrako jarrera agertzen dute. Batzuek arazoekin lotzen dute euskal estatuaren sorrera, ez dute uste onurarik ekar dezakeenik edo besterik gabe auzia abertzaleen arazo partikularra dela pentsatzen dute.
 

JARRERA ALDAGARRIAK

Hirutik bat iritzia aldatzeko prest legoke

Ikerketaren ondoriorik deigarrienetako bat da honako hau. Ikerketaren egileek ondorioztatu dutenez, euskal estatuari buruzko jarrerak alda daitezke. Horretarako joera handia da: inkestatuen hirutik batek esan du auziaren inguruan duen iritzia alda litekeela zenbait faktoreren arabera. Auzia identitate eta nazio sentimenduen ikuspegitik aztertzen denean, normalean, iritzia aldatzeko aukera askoz ere txikiagoa da.
 

ALDAKETARAKO ZIOAK

Norabide biko aukera

Ikerketak dakarren beste ondorio deigarri bat da euskal estatuaren inguruko iritzia aldatzeko aukera norabide bikoa dela, eta euskal estatuaren aldekoen zein kontrakoen artean agertzen da. Hau da, gerta daiteke, euskal estatuaren onurez limurtuta, kontrakoen multzoan edo iritzi argirik ez zutenetako batzuk euskal estatuaren aldeko izatera pasatzea; baina, era berean, gerta daiteke ordura arte euskal estatuaren alde egondako batzuek epelago ikustea aukera hori baldintza batzuk betetzen ez badira.

Alde daudenei dagokienez, multzo horretakoen %67,8k adierazi dute iritzia aldatzeko prest leudekeela ikusiko balute horrek euskararen egoerari ez diola mesederik ekartzen. Kopuru txikiagoetan bada ere —%38,6—, zenbaitentzat, gizarte politiketan aurrerapausorik ez egotea bada aski arrazoi iritzia aldatzeko.

Euskal estatuaren kontra daudenetatik, berriz, gizarte politikak eta demokrazia dira gakoak, ikerketan agertzen diren datuen arabera: galdetutakoen %43,9k diote iritzia aldatzeko prest leudekeela euskal estatuak aurrerapausoak ekarriko balitu gizarte politiketan, eta %43k estatu berriak demokrazia maila handiagoa ekarriko balu.
 

BESTELAKO AUKERAK

Herrialdeen artean harremana areagotzearen alde

Ikerketaren xede nagusia euskal estatua izan bada ere, bestelako egitura politiko-administratiboen inguruan ere galdetu diete inkestatuei.

Hego Euskal Herriko lau herrialdeek autonomia bakar bat osatzeko aukeraz galdetuta, emaitza kontrajarriak dira: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan herritarren %58 horren alde leudeke, baina Nafarroan, aldiz, %51 horren kontra agertzen dira, eta soilki %36,7 alde.

Hego Euskal Herriko autonomia erkidegoen artean harremanak sendotzearen aukerak, berriz, askoz adostasun zabalagoa biltzen du: Hego Euskal Herriko biztanleen %77,2 horren alde agertzen dira. Aldeak alde, adostasun hori berdintsua da herrialde guztietan: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan herritarren %79,1 bat datoz asmo horrekin, eta Nafarroan, berriz, %72,8.

Euskal euroeskualde bat sortzeko aukeraz ere galdetu dute Hego Euskal Herrian, eta emaitzak berriro ere kontrajarriak dira: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %56,4 horren alde agertzen dira, eta Nafarroan, aldiz, %38,4 alde eta %44,6 kontra.

Azkenik, Ipar Euskal Herrian gehiengoa dira gainerako euskal herrialdeekin harremanak areagotzearen aldekoak: %49,6. %1,2 harreman gutxiago izatearen alde daude, eta %25,8, berdin segitzearen alde.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.