Donostiako udal korporazioko talde guztiek adierazpen instituzional bat sinatu dute, hirian izandako azken eraso matxista gaitzesteko eta biktimei babesa adierazteko. Larunbatean, Ertzaintzak gizon bat atxilotu zuen, masajista aritzen dena, eta gutxienez hiru neska adingaberi eraso egitea leporatu diote. Asteartean epailearen aurretik pasatu ostean, aske geratu zen behin-behineko neurri batzuen pean.
Udalak bere babesa eta elkartasuna eskaini dizkie erasoa pairatutako emakumeei eta euren senideei, baita zerbitzu juridiko, sozial eta psikologikoak ere, eta esan du «indarkeria matxistaren adierazle arbuiagarriena» jasan dutela. Horregatik, gertaturikoaren kontra «modu irmoan» agertzeko beharra azpimarratu dute sinatzaileek, eta deia egin dute hezkuntzaren eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde lan egiten jarraitzeko.
EH Bilduren elkarretaratzea
Erasoak gaitzesteko adierazpenarekin erakutsitako batasun hori desagertu egin da, ordea, EH Bilduk udaletxe parean antolaturiko elkarretaratzea iritsi denean. Izan ere, gainerako udal taldeetako ordezkariak ez dira mobilizaziora batu, eta soilik koalizioko kideek, udal langile batzuek eta zenbait herritarrek hartu dute parte elkarretaratzean.
Reyes Carrere EH Bilduren bozeramaileak adierazi du «harritu» egin direla udal gobernuaren jarrerarekin, hirian indarkeria matxistarekin loturiko erasoak gertatzen direnean elkarretaratzea «udal protokoloaren parte» baita. Horregatik, Carrereren ustez, udal gobernuak «atzerapauso bat» eman du gaur: «Erasoen aurrean oso garrantzitsua da idatziak egitea, baina baita presentzia publikoa izatea ere, udal korporazio guztia argi eta garbi biktimaren alde agertzeko. Inolako zirrikiturik gabe».
Aldundiaren adierazpena
Donostiako Udalaren adierazpenaren ostean, Gipuzkoako Foru Aldundiak ere erasoa gaitzesteko ohar bat kaleratu du: «Emakumeen kontrako indarkeriaren aurrean erantzun publikoa emateko Gipuzkoako protokolo instituzionalari jarraituz, foru aldundiak bat egiten du Donostiako Udalak erasoa gaitzesteko argitaratu duen adierazpenarekin, eta ohartarazi nahi du halako gertaeren oinarrian gizon eta emakumeen berdintasun falta dagoela, emakumeak kontrolpean eta mendean izan nahi dituzten jarrera eta ideia matxistak».