Lotan ere ez zioten uzten barruan zituen proiektuekiko sinesmenak, adrenalinak begiak biltzea eragozten zion. Behin asmoa proiektu bihurtu eta martxan jarrita hartuko zuen deskantsu pixka bat, baina hurrengora arte. Joxemi Zumalabe "proiektu kontinuo bat zen. Bere burua beti aktibo zegoen. Gauza bat aurrera ateratzen bazuen, hurrengoan pentsatzen hasten zen", Ostaizka Irastortza haren neska-lagunaren esanetan. Beti, euskalgintzara, herrigintzara eta naziogintzara emana. Euskarazko prentsan mugarrietako bat izan zena duela hogei urte hil zen, baina argiztatua utzi zuen bidea.
1950eko urriaren 14an jaio zen, Axentxi Goenaga eta Jose Migel Zumalaberen semea. Donostia erdiguneko kale batean, Urbieta kaleko 56an bizi ziren. Gurasoak euskaltzale eta abertzale peto-petoak ziren, eta Karmele Esnal andereñoaren eskutik sartu zen ikastola klandestinoetan, 3 urterekin. Santo Tomas lizeoa sortu zuten gero, besteak beste, Jose Migel Zumalabek berak sustatuta. 1960. urtea zen.
Aita etxegilea zen lanbidez, eta amak maistra ikasketak zituen, inoiz jardun ez bazuen ere. Etxe onekoa zen. Familia giro gozoan hazi eta hezi izan zen. Bazen gurasoekin batera kuttuna zuen beste etxeko bat: Pilar Garmendia etxeko langilea. Bigarren amatzat zuen, eta Garmendiak semetzat. "Aldi hartan, bizkarroi bizimodu hartan ezagutu nuen Pilar. Hori zen bigarren ama Joxemirentzat eta bere lagunentzat. Edozein ordutan joan eta jartzen zigun jatekoa, eta aitarekin eta amarekin berdin. Dena eskuzabaltasuna", gogora ekarri du Josu Landak, Zumalaberen lagun min eta lankideak.
Nerabezaroan ernai
Koldo Mitxelena eta Ricardo Arregi izan zituen, besteak beste, maisu. Mendi irteeratarako talde bat osatu zuten ikastola orduetatik kanpo. Irteera haietatik literatura eta antzerkirako beste mundu bat ireki zitzaion, besteak beste, Ramon Saizarbitoriaren eskutik. Berritasunen egarri zen. Arte diziplina ugari ukitu zituen: literatura, antzerkia, marrazkigintza eta musika. 17 urterekin lehen antzerki obra idatzi eta taularatu zuen lagun talde batekin: Makina. Euskarazko rock talde bat ere osatu zuten 1960. hamarkada amaieran.
1968an Bartzelonara joan zen arkitektura ikastera, baina Euskal Herrian zuen gogoa. Urtebeterik ez zuen egin han, aitaren disgusturako. Halere, beti errespetatu zuen semearen ibilbidea. 1970eko hamarkadan etxera itzulita zegoen, ikasketak utzita eta orduko giro politikoan buru belarri. Modu oso anarkikoan bazen ere, iraultzarako egarria zuen gaztedia ernaltzen ari zen.
Testuinguru horretan sartu zen 1971n ETAn, garai hartako beste gazte asko bezala. Erakundea banatu berri zen: ETA V eta VI. Bera VIan sartu zen. Orduko irakurgai ezkertiar eta iraultzaileak mamituak zituen, eta haietatik txostenak egin, batzarrak antolatu eta eztabaidak bultzatu ohi zituen. ETA VI sortu eta gutxira beste zatiketa bat egon zen: mayoak eta minoak. Joxemik bere burua anarko-komunistatzat zuen. Baina minoen taldea ere desegin egin zen, indefinizio horretan.
1972an, soldaduska egin ostean Ordizian (Gipuzkoa) hasi zen lanean, Gaztañaga galdarategian, delineatzaile. Baina han ere langile borrokan murgilduta ibili zen hiru bat urtez, 1976 arte, utzi zuen arte.
Familia eta lagunak, bat
Donostiara itzuli eta alokairuan bizitzen jarri zen Juanjo Landarekin eta Pello Iturainekin, heriotzeraino alboan izango zituen lagun minekin. Familia bat osatzen zuten. Ezberdinak izan arren oso, ondo konpontzen ziren eta 1980an hiruren artean etxe bat erosi zuten Donostiako Ulia auzoan. Ez zen erreza elkarbizitza, batek dena garbitu beharra ikusten zuelako eta besteak inoiz ez. Jendea ere erruz ibiltzen zen etxe hartan. Musikari eta bisitari askoren ostatu bihurtu ohi zen. Lorea Agirre kazetariak Joxemi Zumalaberen heriotzaren 10. urtemugaren harira egindako liburuan —Ipurtargiaren itzal luzea— zehaztasun osoz jasotzen ditu bere bizimoduko pasadizoak, eta han jasoa da Pello Iturainek esana: "Ordu txikitan itzuli ginen etxera Juanjo eta ni, eta etxeko atea ezin ireki, atearen kontra norbait lo zegoelako. Korridorea, sukaldea eta logela guztia jendez beteta zegoen. 45 lagun zeuden gurean lo!". Hor bukatu ziren ateak nornahiri eta noiznahi irekitzeko baimenak.
Iturainekin eta Landarekin bizi izan zen 1988ra arte, Joxemiren alaba Maddi jaio zen arte. Orduan Uliako etxea utzi eta Elkano kalean jarri zen bizitzen, Ostaizka Irastortza neska lagunarekin eta alabarekin. Desordena zen bere ezaugarrietako bat. Irastortza: "Igual goizaldeko ordubietan afaltzen ari zen". Eta gerora, haurrak izanda eta gaixoaldiak harrapatu zuenean, bilerak eta lagunak etxera biltzen zituen.
Elkano kalera joaterako, ordea, euskal prentsan ibilbide malkartsua egina zegoen. Kolaboratzen ibilia zen, eta 1979an Zeruko Argia-ra gerturatu zen. Krisi latzak jota zegoen, eta kaputxinoek utzi egin nahi zuten. Aldizkariak bazuen kazetari talde zaildu bat, eta 1980an talde hori aldizkaria bere gain hartzeko prest agertu zen. Zeruko Argia izatetik Argia izatera igaro zen. Uda ostean, ordea, Joxemari Ostolaza eta Zumalabe ez beste guztiek aldizkaria utzi egin zuten, egoeraren larriak itota. Ostolaza eta Zumalabek ordea, ez zuten hiltzen utziko eta testuinguru horretan sartu zen Josu Landa: "1978. urtean edo hasi nintzen Zeruko Argia-n kolaboratzen. Uda ostean Joxemi eta Joxemari bakarrik geratu ziren, besteak alde egin zuten. Hantxe harrapatu ninduten eta hasi ginen elkarlanean". Iñaki Uria ere sartu zuten abenturan: "Joxemi bakoitzarekin egongo zen, banaka, denbora hartu eta dena lotu xamar ikusten zuenean taldea biltzen zuen. Joxemik biltzen gintuen. Taldea koipezten zuen. Gosaldu, bazkaldu, afaldu, gaupasak... eta segi eta beti problemekin bueltaka ibiltzen ginen".
1980ko hamarkadako lehen urteak Argia-ri nola hala eusten eman zituen talde txiki eta trinko horrek: Joxemari Ostolazak, Joxemi Zumalabek eta Josu Landak. Geroxeago Iñaki Uriak, eta geroxeago Pello Zubiria eta beste zenbait sartu ziren proiektuan. Uria: "Gu sartu ginenean hura hilda zegoen. Kanpoan lana egiten genuen itzulpenak eta euskara klaseak eta ematen, gero, diru hori Argia-ra eramateko".
Marearen kontra
Garai oso latzak ziren, baita euskalgintzarentzat ere. Euskaltzaleak eta abertzaleak ziren zenbait sektorek ere ez zuten sinesten aldizkarian; hura hiltzen uztea zela egokiena pentsatzen zuten. Landa: "Ia jende guztia sinestuta zegoen etorkizuna prentsa elebiduna zela, baita euskararentzat ere. Euskarak prentsan bere tokia bilatu behar zuela espainolarekin batera, eta hori zela etorkizuna. Gu ez geunden konforme, eta burbuila batean gotortu ginen, eta aurrera. Kosta ala kosta, entzuten zenituen mespretxu edo komentarioei entzungor eginda".
Bizitzeko modu bat zen, era naturalean halaxe irteten zitzaien. 1982an Argieroen taldea sortu zuten. Landa: "Pixkanaka jendea gure proiektuan sartzeko konbentzitze lanetan hasi ginen". Eta Joxemiren horretarako dohaiak azpimarratu ditu: "Inork baino hobeto zekien nola goxatu jendea. Jendea limurtzen espezialista zen, egindako gauzetatik abiatuz gauza berriak egiteko estimulu positiboa sortzen".
Argia-ko egoera onbideratzen hasi zirenean, euskarazko egunkariaren beharra aldarrikatzen hasi ziren. Uria: "Erakundeetatik eta ez genuenez babesik ikusten, momentu bat iritsi zen esan genuena: hau egin egin behar da. Eta martxan hasi ginen".
Eztabaida gogorrak izan zituzten urteetan esfortzu eta desgaste handi batekin Argia altxatzen aritu zirenek, Egunkaria egingo bazen, taldeak ireki egin behar zuelako. Euskararen mundura, euskalgintzako eta kulturako beste eragileengana ireki egin behar zutela sinestuta zegoen Zumalabe. Uria: "Gu ginen talde bat txikia, sinplea eta estigmatizatua. Eta hortik atera egin behar genuen, ireki. Horrek eztabaida sortu zuen gure artean, irekitzeak esan nahi zuelako urteetan esfortzu handiarekin eraikitakoa konpartitu egin behar zela. Gehitzea, biltzearen aldekoa zen". Landa: "Egunkaria-rena sortzen hasi zenean, eta diru laguntzak desblokeatuta eta, eztabaida ikaragarriak izaten genituen orduko erakundetako arduradunekin. Orain begiratuta pentsatzen dut ez ote geunden itsutuegi. Ohitzen zara burbuilan eta... oso garbi daukat ere, horrela egin ez bagenu, ez zela izango".
1983ko urrian, diru laguntzen desblokeoa hasi zenean, hiru editorial segidan izan ziren Argia-n euskarazko egunkariaren aldekoak. Landa: "Ildo edo zirriborro nagusiak bere insomnio gauen ondorio ziren, beste proiektu ugari bezala".
Ezagutu zutenek baieztatzen dute bera gabe euskarazko egunkaririk ez zela izango. Egunkaria Sortzen martxan zegoen tarte horretan Martin Ugalde eta Joan Mari Torrealdai proiektura erakartzeko lanean zebilen Zumalabe, bere konbentzitzeko dohaiak azaleratuta. Landa: "Joxemiren beste ezaugarrietako bat, ez beti hain positiboa niretzat, zen insistitzearena. Ez zuen etsitzen. Garai hartako giro politikoan eta oso ohituta zegoen, eta mahaitik azkena altxatzen zenak, hark irabazten zuen eztabaida, karikatura eginda. Eta Joxemi espezialista bat zen. Ekin, ekin, ekin. Eta gaur utzi behar badugu bale, baina bihar berriro ekin, ekin, ekin". 1990erako Egunkaria martxan jartzea lortu zuten horretara dena emanda osatutako lantalde bati esker.
Hori dena egitea hilabete gutxitan izugarrizko desgastea izan zen. Landa: "Beti ezagutu dut Joxemi digestio txarrak egiten, beti Almax eta horrelakoak hartzen. Gero 1985ean edo hernia hiato bat diagnostikatu zioten. Eta gau askotan insomnioa izaten zuen, baina ez lo egiteko problemak zituelako, adrenalinagatik ez zuen lorik egiten, egiten ez zuenean. Digestio txarrak eta gau asko lo egin gabe, beti ezagutu dut horrela".
1990eko abenduaren 6an Euskaldunon Egunkaria jaiotzen ikusi zuen. 1991ko otsailean hil ala biziko ebakuntza egin zioten. 1992an Jon bere semea jaio zen. Azaroan bigarren ebakuntza egin eta 1993ko urtarrilaren 12an hil zen, minbiziak jota, 42 urterekin. Hil aurreko hilabeteetan eguneroko bat idatzi zuen. Azken testuak hauxe idatzi zuen: "Jende gutxik izan du, neuk orain bezela, jendearen maitasunaren adierazle hain argigarriak jasotzeko aukera (...) Maitatua sentitzen naiz albo guztietatik eta neure barnean ez da kabitzen horrek sortzen didan poza. Gainezka egiten dit emozioak eta negarrez urtzen naiz. Nire bizitzaren kapitalik handiena nere inguruan sortu zaidan laguntasun oparo hau dela sentitzen dut. Oharkabean aberats sentitzen naiz".
Bat eta bat hamaika baino gehiago direla erakutsi zuen Joxemi Zumalabek, txikia handi egiten, legamiak masa bezela.