Maskara derrigortu du prefetak Lapurdi kostaldean

Pirinio Atlantikoetako prefetak atzotik erabakia duenez, Lapurdi itsasaldeko sei hiritan maskara kanpoan ere eta egun oroz jantzi behar da.

Joan den maiatzean, Donibane Lohizungo Gambetta karrikan. BOB EDME
2021eko uztailaren 27a
14:00
Entzun

Eric Spitz Pirinio Atlantikoetako prefetak maskara kanpoan ere janztera behartu zuen atzo Baiona, Angelu, Miarritze, Getaria, Donibane Lohizune, Hendaia Lapurdi itsasaldeko hirietan, hiri horietako «auzapezekin hitz egin ondoan». Hots, 09:00etarik 21:00etara da derrigorrezkoa maskara eramatea soinean kalean, atzotik eta abuztuaren 31 arte.

Gainerako hiri eta herrietan maskara beharrezkoa da kanpoko merkatu eta azoketan, kaleko manifestazioetan, kultur ekitaldietan, jende ilarak sortzen dituzten eraikin aitzinetan (zinemak, jaialdiak, kirol eremuak...).

Alkohol kontsumoa debekatu du, halaber, sei hiri horietako kaleetan, bai eta Bidarten, Urruñan eta Ziburun ere. Debekuak ez du balio tabernetako terrazetarako.

Prefetak erran du neurri horiek azken egunetako osasun egoeraren bilakaeragatik hartu dituela; bereziki, Lapurdi itsasaldean intzidentzia tasak azkar gora egin baitu. «Euskal Hirigune Elkargoaren eremuan, intzidentzia tasa 405 da ehun mila biztanleko. Izan ere, kutsatzeen emendatzea hiri zenbaitetako turista kopuru goititze handiari lotua da»; hala adierazi du prefetak, prentsa agiri bidez. Delta aldaeraren kutsakortasun azkarragoari lotu du, halaber, hedatzea (kutsatuen %66).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.