hezkuntza

Maskara erabiltzen jarraitu beharko dute Euskal Herriko ikastetxeetan

Iparraldean, txertatuta dauden ikasleek ikastetxean jarraitzeko aukera izango dute, positibo baten hurbileko kontaktua izanik ere.

Ikasle batzuk maskar jantzita, pasa den ikasturtearen hasieran. IDOIA ZABALETA / FOKU
Irati Urdalleta Lete-Oihana Teyseyre koskarat
2021eko abuztuaren 25a
16:20
Entzun

Itxura guztien arabera, COVID-19ak markatuko du 2021-2022ko ikasturtea ere. Erakundeek, ordea, birusa ez hedatzea dute helburu, eta ari dira hartuko dituzten neurriak jakinarazten, tantaka-tantaka bada ere. Gaur, Espainiako Gobernuko Hezkuntza Ministerioak eta autonomia erkidegoetako ordezkariek bilera izan dute, eta maila nahiz etapa guztietan presentzialtasunaren aldeko apustua egingo dutela ziurtatu du Pilar Alegria Espainiako Gobernuko Hezkuntza ministroak, bilera amaitu ondoren egin duen prentsaurrekoan. Datorren ikasturtea, aurrekoarekin alderatuta, «desberdina» izango delakoan dago, baina, halere, «zuhurtzia» eskatu du. COVID-19aren kutsatzeak ekidite aldera, nabarmendu du bileran ez dutela maskararen erabilera murrizteaz eztabaidatu, eta hura janzten jarraitu beharko dutela 6 urtetik gorako haurrek. Gainera, beste neurri baten berri ere eman du: ikasgeletan, ikasleen arteko distantzia 1,5 metrokoa ez 1,2 metrokoa izango da aurrerantzean.

Nafarroako Gobernuak bat egin du aurrez aurreko hezkuntzaren aldeko apustuarekin, eta, ohar bidez jakinarazi duenez, Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariak bileran azaldu du konpromisoa dutela hori bermatzeko. Horretarako, esan duenez, mantendu egingo dituzte aurreko ikasturteko prebentzio, garbiketa eta higiene neurriak, eta ikastetxeak sektoreka banatzen jarraituko dute. Gainera, gehienez hogei haur egongo dira Haur Hezkuntzako ikasgeletan, eta aurreko ikasturterako jarritako lanpostu gehigarriei eutsiko diete.

Aurreko urteko neurriak mantendu arren, zenbait aldaketa egingo dituztela ere esan du Gimenok: besteak beste, jolastokian gauzak partekatzeko aukera izango dute, Haur Hezkuntzako umeek ez dute maskararik jantzi beharko jolastokian daudenean; eta ikastetxeei CO2 neurgailuak emango dizkiete. Erantsi duenez, ordutegi jarraituarekin hasiko dituzte eskolak oraingoz.

Ipar Euskal Herrian, irailaren 2an eginen dute eskola sartzea. Jean Michel Blanquer Frantziako Hezkuntza ministroak protokoloa zehaztu du: lau arrisku maila izanen dira, lurraldeko egoera epidemiologikoaren arabera, eta neurriak egokitu beharko dituzte eskoletan. Dena den, eskola sartzerako lurralde guziak bigarren arrisku mailan ezartzea deliberatu du Blanquerrek. Hala, maskara derrigorrezkoa izanen da 7 urtetik aurrera, ikasgela ezberdinen ikasleen arteko gurutzatzeak saihestu beharko dituzte, eta, barnealdean hunkitze kirolak egitea debekatua izanen da.

Hirugarren eta laugarren arrisku mailak ezarriz gero, kolegioko laugarren mailatik gora irakaskuntza «hibridoa» egin beharko dute ikastetxeek: ikasleen erdiak etxetik aritu beharko du. Horrez gain, kirola egiteko muga gehiago izango dituzte ikasleek, kanpoaldean bakarrik egiten ahalko dute, gutxienez bi metroko distantzia atxikiz.

Bestalde, Frantziako Hezkuntza ministerioak bigarren mailako ikastetxeetako hurbileko kontaktuen bakartze protokoloa aldatu du, txertaketa kanpainaren ondorioz. 12 urtetik aurrera, hala, txertatu gabeko ikasleek, hurbileko kontaktu izanez gero, zazpi eguneko bakartzea bete beharko dute, eta klaseak etxetik hartu. Txertatuak diren ikasleak, berriz, ikastetxean egoten ahalko dira hurbileko kontaktu izanik ere. Lehen mailako protokoloa, ordea, ez dute aldatu: ikasle bakar batek positibo emanik, ikaskide guziak etxera igorriko dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.