Hego Euskal Herria

Maskarak derrigorrezkoak izango dira garraio publikoan astelehenetik

Hamar lagunetik gorako bilkurak baimenduko dituzte maiatzaren 11tik aurrera. Trantsizioa erkidegoetako gobernuekin gobernatzeko prest dagoela adierazi du Sanchezek. Asteazkenean bozkatuko dute Kongresuan larrialdi egoera luzatzea.

Pedro Sanchez, gaurko agerraldian. EFE
Edu Lartzanguren.
2020ko maiatzaren 2a
16:17
Entzun

«Ez dago B planik», esan du Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko buruak. Larrialdi egoerak jarraitu behar duela esan du, eta dei egin die beste buruzagi politikoei «erantzukizunez jokatzera». Hurrengo faserako norberaren ardurari dei egin dio gobernuburuak. Astelehenetik aurrera derrigorrezkoa izango da maskarak erabiltzea garraio publikoan.

Horrez gain, beste neurri batzuk iragarri ditu Sanchezek astelehetik aurrerako. Jatetxe eta kafetegiak zabaldu ahalko dira, baina bakarrik han prestaturikoak herritarrek har eta eraman ditzaten. Eskaerak Internetez edo telefonoz egin beharko dira. 

Dendak eta bestelako lokalak ireki ahalko dira, aldez aurreko hitzordua eginda, eta bezero bakarrarekin saltzaile bakoitzeko. Tartean dira liburudendak, ileapaindegiak, burdindendak, zapatarien tailerrak... Agiritegiak ere zabalduko dira.

Kirolari profesionalek entrenatzeko aukera izango dute, denbora mugarik gabe, baina lurralde historikoaren barruan.

Maiatzaren 11n hasiko da Madrilek 1 fasea deitu duena. Horretan, gehienez hamar pertsonako bilkurak onartuko dituzte. Elkarrenganako tartea gorde beharko dute, eta eskuak garbitu.

Horrez gain, fase horretarako agindu zuten taberna eta jatetxeek terrazak zabaltzerik izango zituztela, baina bakarrik aulkien %30 beteta. Ostalarien elkarteak kexatu egin dira, horren jende gutxi hartu ahal izateak negozioak bideragarri ez izatea ekarriko duela ohartarazita, eta Madrilek irizpidea aldatu du: ahalmenaren erdia betetzerik izango dute.

Larrialdi egoera «koronabirusa garaitzeko tresna eraginkorra» dela adierazi du Sanchezek, prentsaurreko telematikoan.

Luzapena ez onartzeak «osasun publikoan ez ezik, gizartean eta ekonomian eragingo lukeen kalteaz jabetzea garrantzitsua da». Konfinamendua arintzeko prozesuak «erkidegoekiko aldebiko elkarrizketa asko» eskatuko duela adierazi du agintariak. Trantsizioa erkidegoetako gobernuekin gobernatzeko prest dagoela gaineratu du. «Egia da EAEk, Kataluniak eta Galiziak zalantzak plazaratu zituztela. Baina larrialdi egoera tresna konstituzional bakarra da mugikortasuna murrizteko. Larrialdi egoerarik gabe, esaterako, kirolariak edozien ordutan atera ahalko lrateke kalera, eta arrisku taldean dauden pertsonekin gurutzatu».

Urkulluren ezinegona

Astearte arratsean aurkeztu zituen Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezek konfinamendua arintzeko atondu duten planaren oinarri nagusiak, eta erreakzioa eragin zuen Hego Euskal Herrian. Nafarroako Gobernuak esan zuen Espainiako Gobernuaren plana «Nafarroako errealitatera egokitu» beharko dela: «Foru komunitateak baditu berezkotasun ugari. Bertoko errealitate sozioekonomikoa ez da Baleareetakoa: adibidez, industriak BPGan duen pisua askoz handiagoa da hemen, eta turismoarena, txikiagoa».

Iñigo Urkullu lehendakariak gogor erantzun zion Sanchezi arratsaldean. Salatu zuen Espainiako Gobernuak «estatu eredu probintzial bat» sustatu nahi duela, erabaki bateratuak hartu ordez. Lehendakariaren esanetan, Sanchezek bezperan azaldutako planak «atzeraldi zentralizatzaile bat» eragin du: «Ez ditu errespetatzen ez nazio aniztasuna, ez autonomia estatua. Are gutxiago, gure autogobernuaren gaitasuna». Espainiako Gobernuaren komunikaziorik eza kritikatu zuen, alarma egoera kentzeko eskatu, eta Sanchezi exijitu zion «bi aldeko elkarrizketa bat» hasteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.