Igor Portu atxilotua erietxean

Mattin Sarasola ere zaurituta dago

Auzitegi Nazionaleko mediku txostenaren berri eman du =i El Pais=i egunkariak eta, horren arabera, Sarasolak ubelduak eta makatuak ditu gorputzeko hainbat puntutan. Igandean Arrasaten (Gipuzkoa) atxilotu zuen Guardia Zibilak Sarasola, ETAko kide izatea egotzita, eta ostirala arte luzatu dio inkomunikazioa Grande Marlaskak. Harekin batera atzemandako Igor Portuk Donostiako Ospitaleko zaintza intentsiboko unitatean jarraitzen du, larri. Grande Marlaskak bihar hartuko dio deklarazioa Porturi, erietxean.

2008ko urtarrilaren 9a
15:22
Entzun
Joan den igandean Guardia Zibilak Arrasaten atxilotutako bi gazte lesakarrak zaurituta daude. Igor Portu Donostiako Ospitaleko zaintza intentsiboko unitatean ingresatu behar izan zuten astelehen goizean, larri. Erietxean egindako osasun parteak agerian utzi du, besteak beste, saihetsak hautsita dituela eta birika zulatuta. Halaber, kolpeen zantzuak ditu gorputz osoan.

El Pais egunkariak gaur plazaratu duenez, Portu ez ezik, harekin batera atxilotu zuten Mattin Sarasola ere zaurituta dago. Espainiako Auzitegi Nazionaleko mediku Juan Miguel Mongek egindako osasun partearen berri eman du egunkari horrek, eta han jasotzen denez, Sarasolak ubelduak eta makatuak ditu gorputzeko hainbat ataletan, hala nola, eskuineko belarrian, bi besoetan, bizkarraren goialdean, toraxaren eskuinaldean eta ezker alboan.

Nolanahi ere, El Pais-en arabera, Sarasolak eta Portuk ageri dituzten zauriak Espainiako Gobernuak emandako azalpenekin bat datoz; hots, Alfredo Perez Rubalcaba Barne Ministroak agertu bezala, atxilotze uneko bortizkeriak eragindakoak direla, eta ez dela bestelako torturarik izan. Gaur gauza bera esan du Rubalcabak; "forentsearen txostenak ere horixe dio".

Porturen eta Sarasolaren senideek, eta Euskal Herriko hainbat erakunde, alderdi eta elkartek, ordea, auzitan jarri dute Barne Ministerioaren bertsioa eta tortura susmo sendoak dituzte. Hainbat akats eta hutsune ikusten dituzte bertsio ofizialean, hala nola, astelehen goizaldean bi gazteak Lesakara (Nafarroa) beren etxeak miatzera eraman zituztenean ondo ikusi zituztela haien hurbilekoek, eta, ondorioz, ez zituztela atxilotzeko unean zauritu.

Fernando Grande Marlaska Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak bihar hartuko dio deklarazioa Porturi, erietxean bertan. Sarasola etzi pasatuko da epailearen aurretik, Madrilen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.