EH Bilduren Bizkaiko hautagaiek Bilboko Gran Vian egin dute gaur agerraldia. Maribi Ugarteburu, Dani Maeztu, Oskar Matute eta Justizia Sozialeko arduradun Mikel Santiago izan dira bertan. Kutxabankek eta beste erakunde finantzarioek etxe kaleratzeen aurrean hartu duten jarrera salatu du koalizioak.
Matutek euren konpromisoa azaldu du: “Etxe kaleratze bat bera gehiago ere gerta ez dadin neurri zehatzak jarriko ditu. EH Bildurekin ez du inork etxebizitza galduko”. “Merkatuen goseagatik eta erakundeen utzikeriagatik ez da pertsona gehiago kalean geratuko”, azaldu du Matutek. Gogoratu du egunero 14 pertsona geratzen direla etxerik gabe. “Eta horietako batzuk Kutxabank bezalako erakunde batek uzten ditu kalean. Gero, solbentzia maila handia duela goraipatzen du, baina ulertezina den arren, herritarrak kalean uzten jarraitzen du”, salatu du. “EH Bilduk neurriak proposatuko ditu herritarrek etxea ez galtzeko. Eta, beraz, ez dugu onartuko erakundeek arazo honen aurrean beste alde batera begiratzea”.
EH Bilduren hautagaiek azaldu dute Etxebizitza Institutu Publikoa sortuko dutela. “Etxe kaleratze arriskuan dauden hipoteka kasuak moratoria batean sartuko lirateke; arriskuan dagoen familiaren etxe hori entitate publiko horren jabetzara pasatuko litzateke, eta ordaintzen ari zen pertsonak zailtasun larriekin jarraitzen duen bitartean, etxean bertan geratuko litzateke, baina alokairu soziala ordainduz, sekula errentaren %15 gainditu barik”. Ordain ahalmena berreskuratuta, hipoteka ordaintzen jarraituko luketela azaldu dute.