Zer erran eta zer erakutsi badute 50 urtetik goitiko belaunaldiko gizon eta emakumeek. Horregatik, belaunaldi horretako 600dik gora pertsonak Inauska izeneko taldea osatu, eta manifestua plazaratu dute Nafarroan, egungo egoerari, egungo "gizarte larrialdiari", aurre egiteko bidean urratsak egin ahal izateko. Jendaurrean egin dute gaur aurkezpena. "Ez da etikoa, ezta onargarria ere, pertsonak sakrifikatzea ekonomia salbatzeko. Egungo sistemarentzako alternatibak badira, eta badira krisi egoera atzean uzteko bertzelako moduak", azpimarratu du Patxi Urrutiak, sinatzaileen izenean.
Lan horretan gizarte osoak parte hartu behar duela argi dute Inauska taldeko kideek, eta, ondorioz, gizarte osoari egin diote "matxinada sozialerako" deia. Krisiaren ondorioen aurkako borrokan gazteak bereziki protagonista direla nabarmendu du Urrutiak, baina 50 urtetik goitiko gizon eta emakumeek haien esperientzia gazteon esku jar dezaketela gaineratu du. "Etenik gabeko borroka egiteko ardura hartu behar dugu herritar guztiok". Sormena eta irudimena baliatuz, "borroka bateratua" da manifestuaren sinatzaileen helburua.