Arantxa Iraola
Espainiako Segurtasun Nuklearrerako Batzorde CSNk aditzera eman duenez, uztailaren 15ean eta abuztuaren 19an Garoñako zentral nuklearrean -Burgosen dago, Espainian, Euskal Herritik bost kilometrora- egindako probetan arazo bat atzeman zuten. Antza, ikusi zuten etengabeko hornidurarako barren bateriak behar baino baxuago zeudela. Bateriak aldatu dituztela eta orain ondo daudela esan dute, baina arazoaren zergatia argitzeko ikerketa abiatu du CSNk. Arriskuaren arabera, nazioartean, zerotik zazpira arteko maila ematen zaie gertakari nuklearrei, eta oraingo hau mailaketa horretako mailarik apalenetakoan sartu dute, lehenengoan.
CSNk eta Garoñako zentraleko agintariek nabarmendu dute tamaina horretako arazoa izanik ez dela arriskutsua izan, ez zentraleko langileentzat, ez inguruko biztanleentzat, ez eta ingurumenarentzat ere.
Arazo asko
Lehendik ere eskala honetako arazo bat baino gehiago izandakoa da Garoñako zentrala, bai eta programatu gabeko geldialdi dezente ere izandakoa. Talde ekologistek sarri askotan salatu dute aski zaharkituta dagoela eta funtzionamendu kaskarra duela. Zentralaren kudeaketari dagokionez, maiz utzikeriaz jokatu dela diote. Euskal Herriko hainbat erakundek, bide horretan, maiz eskatu dute zentralaren jarduna guztiz eteteko.
Berez, lanean jarduteko epea amaitzear du Garoñako zentralak; 2009ko ekainean amaituko zaio baimena, baina epemuga hori aintzakotzat hartuko ez balute bezala jokatzen dute zentrala kudeatzen duen Nuclenor enpresako arduradunek. 2013. urtea bitarteko inbertsioak iragarri dituzte urte honen hasieran bertan.
Martxoaren 19an egindako adierazpenetan, Garoñan jarraitzeko borondate irmoa erakutsi zuen Jose Ramon Torralbo Garoñako zuzendariak. «Zentrala ustiatzeko baimena luzatzeko lanean ari gara, gorputz eta arima», azaldu zuen. «Lortuko dugu». Bide horretan, Nuclenorrek arduradunek gezurtatu egiten dituzte zentralaren funtzionamendu txarrari buruzko kritikak. Zentralak modu «ziur eta fidagarrian» funtzionatzen jarrai dezakeela diote. 2019 arte baimena luzatzeko eskaria egina dute.
PSOE alderdiaren hauteskunde programan, zentralak «bizitza erabilgarria» amaitu ostean ixtea aurreikusten zen. Espainiako zentral zaharrenen zerrendan sartuta dago Garoñakoa, 1971. urtean martxan jarritakoa baita, lehen belaunaldikoa alegia.
Nuklearrak
Matxura bat atzeman dute Garoñako zentralean, eta zergatia ikertzen ari dira
Hornidurarako barren bateriak behar baino baxuago zeudela ikusi dute. Arriskuaren arabera, zazpira arteko maila ematen zaie arazo nuklearrei. Garoñako hori 1. mailan jarri du CSNk, 0tik 7rako eskalan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu