Pastor
Darwin eta gu

Mbappe, Mbappe, Mbappe!

2024ko martxoaren 9a
05:00
Entzun

Eguerdia, Realaren eta PSGren arteko partidaren biharamunean. Donostiarako trena beteta dago –zerbitzu bat 50 minutuan behin, Europako populazio dentsitate handienetakoa duen eskualdean. Oraingoan garaiz ailegatu da, ohi ez bezala–. Gizon bat bagoian sartu da kapela buruan galaiki jantzita, akordeoia bularrean jarrita. Abesteari ekin dio, gozo-gozo. Kolonbiako Karibeko kantak izan litezke. Maitasunaren pena, bihotzean eztena.

Martutenen lau gazte magrebtar igo dira trenean. Haien garrasiek gizonaren kanta isilarazi dute: «Mbappe, Mbappe, Mbappe!». Bagoiko beste gazte batzuek bat egin dute haiekin, beste lelo bat gehituz. «Mbappe, Mbappe, nique la France, nique la France!». –Mbappe, Mbappe, izorra ezak Frantzia!–. Mbappe laudatzen ari dira ozenki, Gipuzkoako hiriburuko futbol taldeari kolpea eman diona. Irainak ez dira Gipuzkoaren edo Euskal Herriaren aurkakoak, Frantziaren kontrakoak baino: Mbappe, Mbappe, Frantzia izorra ezak! Seguruena aldirietako treneko lau gazte horiek ez dira Frantzian bizi izan. Luzaro ez, behintzat. Frantzia gorrotatzen dute. Zergatik?

Kylian Mbappe dute heroi, Realaren borreroa. Guztira, lau gol jaso dituzte donostiarrek bi partidetan. Horietako hiru haren oinetatik irten dira. Egunkari batek irudi ikusgarria argitaratu du: Mbappe eta Zubeldia, airean jauzika-edo. Argazki-oina: Mbappe eta Zubeldia agarradoan dantzan. Agarradoan? Euskaldunak eztarritik oratu dio frantsesari, eskuaz. Beste besoa bizkarretik pasatu eta bularrean jarri du, ederki atxikita. Irakurle baten iruzkinak kazetariak baino hobeto deskribatu du begien aurrean dugun eszena: «Hori estrangulatzea da». Egunkariaren ustez, berriz, tango bat izan da bi jokalarien arteko topaketa. Argazki-oina lotsagarria da, benetan. Testuak barre egiten dio Mbapperi, barre futbolari, barre kirolari. Barre irakurleei eta barre kazetaritzari berari ere.

«Bertoko hirietako bazter auzoetan biziko dira herritar horiek? Gurasoek Frantziari zioten gorrotoa izango diote Euskal Herriari?»

Mbappe, Mbappe, nique la France! Urte batzuen buruan zer izango den pentsatu dut, oraingo gazte horien ondorengoak koskortzen direnean. Bertoko hirietako bazter auzoetan biziko dira herritar horiek? Gurasoek Frantziari zioten gorrotoa izango diote Euskal Herriari? Sentimendu horrek bizirik segituko du belaunaldiz belaunaldi, herrialdea aldatuta? Errealitate soziologiko berria izango dugu, egoera berdinetik abiatuta –immigrazioa– baina ezaugarri desberdinekin.

Frantzia gorrotatzen duten jatorri magrebtarreko gazte frantziarrak hantxe jaio ziren, arbasoak 60-70eko urteetan bertara joanda. Gurasoen agintearen erreferentzia izan zuten haurtzaro eta gaztaroan. Frantziako Konstituzioan berdinak ziren, baina Dupont frantziarren buru-bihotzetan, ez. Haientzat besteak ziren. Gurera gurasorik gabe datoz gazte horiek. Ez daude ama edo aita baten itzalean. Beste egoera da haiena. Dezente zailagoa.

Zer izango da etorkizunean? Mbapperen moduko jokalari batek gure talde bat makurrarazi eta nique Euskadi, nique Euskal Herria edo nique le Pays Basque oihukatuko dute zenbait euskal gaztek? Inolako arrazoirik gabe aterako zaie ahotik ala ondo justifikatua izango da, erraietatik aterata? Hori esateko motiborik izango dute ala besterik gabe egingo dute? Euskaraz zabalduko dute aldarria –«izorra ezak Euskal Herria»– ala frantsesari –edo espainierari– eutsiko diote orduan ere?

Eguerdia, Realaren eta PSGren arteko partidaren biharamunean. Jendea eguraldi ederraz gozatzen ari da Pasealeku Berrian. Bi neska gazte azaldu dira bide erdira, eskutik helduta, goian eguzki herabea begira. Haratago bi mutil agertu dira, haiek ere elkartuta, eta aurrera egin dute tira. Eurengandik hurbil beste bikote gazte bat igaro da, frantsesez hizketan. Neska-mutilak murruan bermatu dira, itsasoari so. L´amour, l´amour encore et toujours! kantatzen zuen Jacques Higelin-ek. Bulebarrean jarritako bozgorailuetatik eguzkiaren lotsa uxatu du Anariren ahotsak. Joanean kantaren airea aditzen da, urrun. Ez, bizia ez da batzuetan dirudien bezain ilun.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.