Indarkeria matxista

Mbeugouren senarra espetxera bidali dute

Emaztearen hiltzailea delakoan, Basauriko espetxean (Bizkaia) sartu dute Maguette Mbeugouren senarra, Genero Indarkeriaren Epaitegiaren aurretik pasatu ondoren.

jarraia157257.jpg
2018ko irailaren 27a
07:16
Entzun

Maguette Mbeugouren senarra Genero Indarkeriaren Epaitegira eraman dute gaur deklaratzera, eta epaitegiaren aurretik pasa ondoren, hura espetxeratzea erabaki du epaileak. Gaur gauean espetxeratu dute Basauriko kartzelan.

Mbeugouren senarrak poliziaren zaintzapean eman ditu azken bi gauak, asteartean, Bilbon, bere emaztea hiltzea leporatuta. Emakumearen gorpua Bilboko etxebizitzan aurkitu eta ordu gutxira atxilotu zuten senarra Mutrikun (Bizkaia).

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, 13:30 aldera, bizilagunek Poliziari deitu zioten, biktimaren etxean "zerbait arraroa" gertatu zela ohartarazteko. Atxuri eta Santutxu arteko Ollerietagoiena kaleko 25. zenbakian bizi zen. Etxera joan ziren ertzainek hilotz topatu zuten. Lepoa moztua zuen, eta hainbat zauri zituen gorputzean. Hilketa gertatu zenean umeak etxean zeudela baieztatu zuen Segurtasun Sailak. Mbeugou hiltzeko erabilitako aiztoa topatu dute, edukiontzi batean.

Ehunka lagun atera ziren atzo Bilboko  kaleetara, Mbeugouren hilketa salatzera. Protesta instituzioanala goizean egin zuten ; mugimendu feministak deitutako manifestazioa, iluntzean. Aparteko lekua izan zuten Afrikako emakumeek, Mbeugou eta haren ustezko hiltzailea Senegalgoak direlako. Marie Lucia Monshenekek egin zuen berba euren izenean: "Bere kulturaren zama albo batera utzi eta Afrikako emakume batek salaketa jartzeko esfortzua egiten duenean, aintzat hartu behar zaio". Esan zuen andre migratzaileek "indarkeria bikoitza" sufritzen dutela.

Bizkaiko Senegaldarren Elkarteko Abdoulaye Wadek ere egin zuen berba, Mbeugouk salaketa jarria zuen arren ez zitzaiola babesik ipini gaitzesteko. Indarkeria matxistaren biktimentzako asiloa ere eskatu zuen. Gaur iluntzean elkarretaratzeak egin dira, Donostia, Gasteiz eta Iruñean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.