Meategi arteko bideak euskararentzat

Trapagaranen ospatuko da aurtengo Ibilaldia, ekainaren 3an, eta etekinak Itxaropena ikastolak jasoko ditu

Ezkerretik, Juan Carlos Gomez, Jose Mari Andres eta Garikoitz Meabe. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
gotzon hermosilla
Bilbo
2012ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Itxaropena du izena Trapagarango ikastolak, Bizkaiko Meatzaldean. Eta itxaropenez beterik daude bertako ikasle, irakasle, guraso eta laguntzaileak. Ekainaren 3an Ibilaldia, Bizkaiko ikastolen festa, ospatuko dute han, eta horrek, ikastolak beharrezko dituen diru baliabideak eskuratzen laguntzeaz gain, herrian eta eskualde osoan euskarari beste bultzada bat emateko ere balioko duela espero dute.

«Erronkak» aipatu ditu Juan Carlos Gomez Ibilaldia elkarteko lehendakariak, aurtengo festaren azken xehetasunak aurkezteko atzo egindako agerraldian: «Euskara Ezkerraldera eta Meatzaldera eramatea, meategietako zulobideak euskaraz betetzea, kalean euskara entzutea, ikastolen proiektua lau haizetara zabaltzea eta abar».

Jose Mari Andres Itxaropena ikastolako zuzendariak adierazi duenez, ikastola horren aspaldiko asmoa izan da eskualdean hezkuntza arloko erreferentzia bilakatzea, eta hori lortzeko bidean daudela erantsi du: «Sei urtean, 350 ikasle izatetik 500 izatera pasatu gara, eta hemendik zortzi urtera 700 ikasle inguru izatea da gure helburua».

Horretarako, azpiegiturak handitu nahi dituzte, eta xede horretara bideratuko dituzte Ibilaldian eskuratuko dituzten baliabideak: «Trapagaranera etorriko direnei esan nahi diegu euren laguntzari esker gure hezkuntza proiektua sendotuko dugula Meatzaldean».

800.000 euro inguru behar dituzte, Itxaropena ikastolan eraikin berria egin ahal izateko. Horren zati bat Ibilaldiari esker eskuratu nahi dute. Andresek esan duenez, orain arte egin dituzten ekitaldietan nabaritu dute krisia Euskal Herria gogor jotzen ari dela eta aurreko urteetan baino zailtasun handiagoak daudela dirua batzeko, baina, hala ere, ekainaren 3an «euskaltzale mordo batek» Trapagaran eta Ortuella inguruak beteko dituela espero dute.

Teknologia berriak

Aurtengo Ibilaldiak lotura estua izango du teknologia berriekin. Ibipuntuzero leloa aukeratu dute goiburutzat, Internet eta sare sozialak erruz erabili dituzte orain arte jaialdiaren berri emateko. Eta, festaren egunean, goiz partean egin ohi den omenaldirako, euskara sarean eta teknologia berrien esparruan sustatzeko lanean nabarmendu diren lagun eta elkarteei gorazarre egitea erabaki dute. Ekitaldia 11:00etan izango da Ortuella hotelean, eta, besteak beste, Harluxet lehengusuak, Informatikako Donostiako Fakultatea, Aholab, .eus elkartea, Maite Goñi, kaixo.com, Gorka Julio, Luistxo Fernandez eta Fultxo Crespo omenduko dituzte.

Zortzi kilometroko ibilbidea prestatuko dute aurten. Horren zati handi bat, garai batean burdin meategietatik lantegietara garraiatzeko erabiltzen zen burdinbideak osatuko du. Bizkaiko Aldundiak eraberritu du bide hori; joan den astean inauguratu zuten, eta, hortaz, hango ikuspegiaz gozatzeko aukera eskainiko du ibilbideak.

Bost gune atonduko dituzte antolatzaileek bidean zehar: ikastola, Trapagarango herrigunea, Las Balsas izeneko lekua, diputazioak atondutako pasealekuaren ondoko gunea eta Durañona auzoa. Guztietan egongo da zer ikusi, zer dastatu eta zertaz gozatu. Ikastolan, esaterako, herri bazkaria egingo dute, Balmasedako Zubi Zaharra ikastolakoek prestatutako putxerak; aurten, berrikuntza gisa, bazkarirako txartela aldez aurretik eta Ibilaldiaren webgunearen bidez erosteko aukera izango da.

Garraiobide publikoak erabiltzeko aholkua eman dute Ibilaldiaren antolatzaileek. Tren zerbitzuak hamabost minututik behin izango dira, eta autobusak ere maizago arituko dira egun osoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.