Mediku gazteak hiria nahiago

Erretretara doazen barnealdeko eta mendialdeko medikuek zailtasun handiak dituzte segida hartuko duten gazteak aurkitzeko, ofizioa eta eskualdea ez direlako erakargarriak.

ENEKO BIDEGAIN BAIGORRI
2006ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Urte pare bat baizik ez zaio gelditzen erretreta hartzeko Pierre Salze sendagileari. Baigorrin (Baxenabarre) ari da lanean, mediku gisa, 1971tik hona. Eta ez du inor aurkitzen segidaren hartzeko. Arazo bera du Michel Martinezek ere. Erretretako adinean da azken urte horietan, baina inork ez dio segidarik hartu, eta mediku lanetan jarraitzen du. Patrick Monlong da Baigorriko hiru medikuetatik gazteena. 45 urte ditu.

Baigorri eskualdeko arazo bera dute mendialdeko beste eskualdeetan edota hiriguneetatik aparte dauden guneetan ere. Atharratzeko (Zuberoa) eskualdean bi mediku daude. Remy Costek 46 urte ditu; haren lankideak, 57. «Zailtasunak ditugu ordezkoak aurkitzeko», dio Costek. «Oporretan gaudenean, antolaketa konplikatua da». Arazo bera du Pierre Salzek ere. Monlongekin batera atxikitzen du kabinetea. «Ez ditzakegu opor luzeegiak har, gure lankidearen lan karga ez gehiegi handitzeko».

Laneko baldintzak lirateke, beraz, sendagile gazteak uxatzen dituzten arrazoiak. Barnealdean, medikuek dedikazio handia dute, besteak beste populazioa zahartzen ari delako. Eriei hirian eskaintzen ez zaien jarraipen bat egiten diete barnealdean. Joan Bidart gaztea erizain gisa hasi berria da Ortzaizen (Baxenabarre). Sendagile gisa edo erizain gisa, leku horietan «inplikazio pertsonal handia» behar dela dio. Baionako klinika batean lanean ari zenean, eriekiko harremanak ez zuen jarraipenik. «Nik beste zerbait nahi nuen. Orduan beti presaka ibiltzen ginen». Ortzaizen hasi denetik, erien jarraipen hurbila egiten du. Medikuntzan gauza bera da, Salzeren arabera.

«Gazteek beren astuburua aske nahi dute. Baina noren burura heldu da igandetan medikurik ez izatea?», galdetu du Bidartek. Gauzak anitz aldatu dira azken urteetan. «Hobera», Salzen ustez. «Hona etorri nintzenetik orain arte bideak eraiki dira, anitzez errazagoa da etxeetara joatea. Lehen zaldiz, oinez edo jeepez joan behar izaten genuen. Medikuntzako teknikak aldatu dira». Anitzez baldintza hobeetan lan egiten dute. Adibidez, eskualdeko bost medikuren artean antolatu dute asteburuetako guardia. «Bakoitzak bost asteburutik behin dugu guardia».



KIRURGIA HAUTATZEN. Etorkizunean ere, medikuak elkarren artean biltzean ikusten da aterabidea. «Medikuak etxe berean biltzea erakargarriagoa da gazteentzat, elkarrekin lan egin dezakete, elkarrekin mintzatu, eztabaidatu, elkar lagundu...». Funtsezko arazoa da «gazteek ez dutela hiritik urrun lan egin nahi, distrakzioak nahi dituztelako, beren lagunaren ofizioarengatik, nik dakita...», dio Salzek. Batez beste anitzez sendagile gehiago dago hirian, baserri munduan baino. Salze Akizeko ospitalean ari zen lanean, Baigorriko postua proposatu ziotenean.

Etxeko mediku bihurtzeak «frustrazio» zerbait eman zion hastapenean. «Orain ez». Medikuntza ikasketak egiten dituzten gazteek, ahal badute, kirurgian lan egitea hautatzen dute. Ikasketetan lortzen dituzten noten arabera hauta dezakete zer bide hartu. Etxeko mediku izatea hautatzen dutenak nota apalenak dituztenak dira. Eta barnealdean mediku izatea hautatzen dutenak azken-azkenak. Gazteek, gainera, medikuaren «bezeroak erosi» behar dituzte, mediku baten segida hartzeko. Esfortzu ekonomiko horrek ere badu eragin negatiboa.

Egoera horrek kezkatzen du Graxi Etxebehere Ortzaizeko erizaina. «Ipar Euskal Herri barnealdean medikuak prestatu behar genituzke, Herriko Etxeen laguntzarekin. Lekuko gazteei ikasketak ordaintzen lagun diezaiekegu, eta hamar urteko kontratua egin, barnealdean lan egin dezaten mediku gisa», bota du ideia gisa. Etxebeherek, erizain gisa, «lan abertzale» bat darama. Bere lana ez du mugatzen eguneroko artak edo pikurak ematera. Erizainak eriarekin edo etxeko zaharrarekin duen tratuaren arabera laguntzen du, bere ustez, herria biziarazten. Eria laguntzea eta «familia lotura atxikitzea» bata bestearekin loturik ikusten ditu. «Horrek zure lanari beste izari bat ematen dio». Erizainarekin eta medikuarekin batera, herriko bizia eta ekonomia, postaria, okina eta abar ere badaudelako.

Dena lotua da Pierre Salzeren arabera. «Hemen beste toki batzuetan baino dinamikoagoak gara. Medikuen egoera lekuko ekonomiaren araberakoa da. Laborantzak aitzina segitzen badu, laborari gazte gehiago izanen da. Gazteak baldin badira, haurrak ere izanen dira. Beraz gu antola gaitezke».



Hemen, beste batzuetan baino dinamikoagoak gara. Medikuen egoera tokiko ekonomiaren araberakoa da

Pierre salze
Baigorriko medikua




Zenbakia

93

Medikuen kopurua anitzez handiagoa da hirigunean. 93 sendagile dira Baxenabarren eta Zuberoan 100.000 biztanleko. 120 sendagile dira, aldiz, Lapurdi barnealdean, eta 163 kostaldean.





Espezialistak hirietan

Euskal Herri osoko arazoa da espezialista batengana joateko hiri kozkorrenetara joan beharra. Araban, adibidez, udalerri bakoitzean herri bakarrean dute familiako medikua. Espezialista batengana joateko, Gasteizera joan behar dute. Zuberoakoek Oloroera joan behar dute, hots, Biarnora. Baxenabarrekoek Baionaraino joan behar dute, gehienetan, espezialista bat ikusteko. Eta punta-puntako espezializazioak arras bakantzeko joera dago. Baionan punta-puntako kardiologia zerbitzua irekiko dute. Ehunka kilometro inguruko «merkatua» bildu nahi dute horrela. Aldi berean, beste puntako espezializazio batzuk behar izanez gero, ehunka kilometrora joan behar izanen da, adibidez Lyonera (Frantzia ekialdea), giltzurrunetako gaitzak sendatzeko.





Mediku bakarra Erronkarin

Erronkarin zeuden hiru medikuetatik bi tokiz aldatu dituzte, eta ondorioz, mediku bakarrak ziurtatu behar du eskualde guztiko lana, Erronkariko Ezker Abertzaleak salatu duenez. Asteburuetarako ere mediku bakarra ezarri dute. «Ospitaleetatik urrun dagoen eta populazio zahartua duen eskualde honetan, kudeaketa txar horren ondorioak pairatzen dituztenak gu gara, bertako biztanleak», azpimarratu dute. Tokiko arduradun politikoak gutxitan ikusten dituztela osasungintzako arduradunekin biltzen gehitu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.