Amaia Cerejido. Ustez lapurtua izan zen haurra

«Medikuak jaiotza agiria faltsutu zuela aitortu didate»

Amaia Cerejido, haren kasuan giltzarri izan daitekeen argazkia eskuetan duela. Bertan haren adopziozko izeba ageri da beste bi emakumerekin. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
ainara arratibel gascon
Donostia
2011ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
«Hori ez da zure ama. Zu saski baten barruan sartuta utzi zintuzten hemen». Amaia Cerejidok buruan iltzatuak ditu 6 urte zituela bizilagun batek esan zizkion hitz horiek. Kalean lagunekin zegoela, amak deitu zion, eta harengana zihoala azaldu zuenean esan zizkion bizilagunak. Hala jakin zuen adoptatua izan zela. «Shock bat izan zen niretzat». Txikia izan arren, ordutik izan du bere benetako familia biologikoa ezagutzeko gogoa. Bide horretan ez du etsitzeko asmorik, nahiz eta «mingarria» dela aitortu; batez ere, Abantora (Bizkaia) eraman zuenak —adopziozko izeba— ukatu egiten diolako dena: «Amak ez bezala, ez dit ezer kontatzen. Onartzen duen bakarra da Donostiatik ekarri ninduela. Gainera, esaten dit abokatuetan dirua gastatuta ere ez dudala ezer lortuko, 82 urterekin ez delako kartzelara joango. Galderaren bat egiten diodanean ere oihu egiten dit».

Gaztetxoa izan arren, hasieratik egin zizkien galderak gurasoei. «Azaltzen nien beharra nuela egia jakiteko. Batzuetan, errudun sentitzen nintzen horregatik, baina ezin nuen atzera egin».

17 urterekin nortasun agiria egin behar izan zuen. Horretarako, jaiotze agiria behar zuen. Bertan, ama biologikoari dagokion lekuan, adopziozko amaren izena ageri zen. «Adoptatua zarenean, ordea, aparte agertzen dira adopziozko gurasoen izenak». Berehala amari galdetu zion horren inguruan. «Esan zidan oso zaharrak zirela adopziorako, eta mediku batek jaiotza agiria faltsutu zuela». Hala jakin zuen ere Donostiako Ospitalean jaio zela, 1971ko abuztuaren 3a eta 6aren artean. Hilaren 11n eraman zuen Abantora (Bizkaia) adopziozko amaren ahizpak.

Urte hauetan makina bat aldiz izan da Donostiako Altza auzoan,egia jakin nahirik. Izebak han egiten zuen lan. Horretarako badu giltzarria izan daitekeen argazki bat. Han adopziozko izeba eta beste bi emakume ageri dira, urtebetetze bat ospatzen. «Izebak esaten dit ez dituela ezagutzen. Baina argi dago hori ez dela egia. Urtebetetze bat ospatzen ari badira, ezagutzen ditu». Emakume horietako batek antz handia du berarekin. «Altzako bizilagun batek esanda jabetu nintzen horretaz. Baina ez dutandre hori topatu. Besteak esaten dit ez dakiela ezer gertatutakoaren inguruan. Auzoan baieztatu didaten gauza bakarra da izebak harreman handia zuela mojekin eta poliziekin».

Dena den, ez du etsi nahi. «Orain dela gutxi familia batekin erkatu nuen nire DNA, kideetako batek nirekin antz handia zuelako. Itxaropen handia nuen. Baina azkenean ezezkoa izan zen». Bestalde, otsailean salaketa jarri zuen, eta Bizkaiko Lurralde Auzitegiak kasua bere gain hartu ostean, irailean deklaratzera deitu zuten izeba. «Inputatu gisa egin zuen, gainera. Baina berriro ere dena ukatu zuen». Astelehenean Cerejidok berak deklaratu zuen. «Epailearen tratua oso txarra izan zen, eta itxaropen asko zapuztu dizkit. Kolpe handia izan zen. Behin eta berriz esan zidan jaiotza agirian argi agertzen zela zein den nire ama biologikoa, eta ezer gutxi nuela egiteko. Nire abokatuari ia ez zion gauzak azaltzen utzi. Oso gogorra izan zen dena».

Horixe da, hain zuzen, urte hauetan izan duen traba nagusia. «Epaileei eskatzen diedan bakarra da gizatasun pixka bat izan, eta Donostiako Ospitaleko artxiboetan sartu ahal izatea. Hala, ama biologikoa nor den jakin ahalko nuke».

Topatzea lortuko balu ere, argi du zer egingo lukeen: aurrez aurre jarriko lukeizebarekin, eta egia kontatzeko eskatu. «Agian, berak ez du jakingo, eta izebak gezurra esaten jarraituko luke. Baina, behintzat, izebari frogatu ahalko nioke gezurretan ari dela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.