Alex Txikonek gutun bat argitaratu zuen atzo sare sozialetan, joan zen larunbatean Mikel Larrañagaren aurka jokatu zuen apustuan gertatutakoaren harira. Hautsak harrotu ditu gutunak; izan ere, zezen plazara joan ziren zaleei barkamena eskatzeaz gain, medikuen eta Gipuzkoako Herri Kirol Federazioaren jarrera salatu du. Mendigoizale lemoarrak ondoezak jota apustutik erretiratu ondorengo bizipenak kontatu ditu gaztelaniaz idatzitako gutunean. Hark dio hil egingo zela pentsatu zuela behin eta berriz: “Hil egingo naizela sentitzen dut, hau bukatu egingo da. Negarrez hasi nintzen anbulantziara sartu aurretik, ez bainuen nahi hiltzerik”.
Apustuaren ondorenean hipogluzemiak jota erretiratu zela jakinarazi bazuten ere, Txikonek dio deshidratazio larriarekin eraman zutela ospitalera. Joan den asteartean, gainera, berriz ospitaleratu zuten ahuldadeagatik. Txikonen arabera, ospitalera eraman aurretik, hamar minututan litro eta erdi suero eman zizkioten: “Minutuko 20 taupada nituen, eta odoleko oxigenoaren saturazioa %68ra jaitsi zitzaidan”. Atzo eguerdian hartu zuen senda-agiria Txikonek, eta etxean da jada.
Mendizaleak argitaratu duen gutunean bere gain hartzen ditu apustuaren ardurak, eta aitortzen du hainbat akats egin duela desafioa prestatzerakoan. Gainera, argitu du apustua baino astebete lehenago ohetik altxatu ezinik egon zela, bi saihets pitzatuak zituelako entrenamendu batean. “Uztailaren 1ean ez nuen zezen plazara atera behar bi saihets pitzatuta, baina presioak gain hartu zidan. Horregatik, barkamena eskatzen dut irizpide faltagatik, eta eskerrak eman nahi dizkiet lagundu didaten guztiei. Lotsa sentitzen dut hartutako erabakiengatik, baina ez dut egia kontatzeko beldurrik, akatsetatik ikasten baitugu”.
Informazio gehiago Urola Kostako Hitza-n.