Gasteizko Martxoak 3 plazan Iñaki Arregiren eskultura batek gogora ekarriko du hemendik aurrera 1976ko martxoaren 3an gertatutakoa. Gasteizen Poliziak hil zituen bost langileren eta ondoren Tarragonan eta Basaurin hildako beste biren inguruko gertaeren kontaera ere jaso dute eskulturan. Eguerdian omenaldia egin diete haiei eskulturaren aurrean, eta hildakoen senideak kexu agertu dira ez delako posible izan Espainian epaitzea errudunak, eta modu horretara "apurtu ahal izatea Espainiaren inpunitate eredua".
Esperantza azaldu dute, ordea, Argentinan Maria Servini epaileak zabaldu duten prozesuarekiko, eta iragarri dute hilaren 28an Martxoak 3 elkarteko ordezkariak Argentinara joango direla Rodolfo Martin Villa ministro ohiaren kontra lekukotasuna ematera, "hilketaren errudun baita".
Horrez gainera, ekitaldian izan diren EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta PPko ordezkariei "zuzentzeko" eskatu diete "estatuak erabilitako indarkeriaren biktimekin egiten den tratu ezberdin eta diskriminatua".