Sortuk "memoriarako eskubidearen kontra" jotzea egotzi dio Espainiako Gobernuari, eta ohartarazi oroimena ez dela "omenaldi edo gorazarrearen sinonimo". "Bakea eta normalizazio politikoa oztopatzea" ere egotzi dio gobernuari.
Aritxulegin "ETAko kideak gurtzeko leku bat sortzea" leporatuta, Xabier Iragorri, Erramun Sagarzazu, Ramon Gaztelumendi eta Joakin Izagirre atxilotu ditu Guardia Zibilak. Sortuk eskatu du atxilotuak libre uzteko, eta gaineratu du polizia operazioak agerian uzten duela "kontakizunaren ikuspuntu bat inposatzeko PPk eta Rajoyren gobernuak duten obsesioa".
"Hildakoen memoriari eraso egitea" iruditu zaio Sorturi Guardia Zibilaren operazioa, eta hori "garaiz kanpokotzat" jo du. 16:00etarako elkarretaratzera deitu du Intxaurrondoko Sagastieder plazan, atxilotuei elkartasuna adierazteko.