"Ez dugu historia aldatzeko inongo asmorik. Memoriari eragin nahi diogu, espazioak demokratizatzeko". Horixe nabarmendu du Nafarroako Gobernuko Bake, Bizikidetza eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiko buru Alvaro Baraibarrek, ikur frankistak kentzeko programari buruz. Gutxienez, herrialdeko 22 udalerrik bat egin dute asmo horrekin, eta, denera, 97 ereinotz gurutze, plaka eta bertzelako ikur frankista kendu dituzte, jada, beren karriketatik. Bertze hamar udalerri urrats bera egiteko bidean dira. Lana bukatzen dutenean, 53 ikur frankista gutxiago izanen dira Nafarroan. Zerrenda handiagoa izanen da, segur aski, hainbat herritan beren kabuz egin dituztelako memoria historikoaren aldeko urratsak. Gobernuak denen berri jaso nahi duela nabarmendu du Baraibarrek, memoriak hartutako pareten zerrenda osatu ahal izateko.
Bake, Bizikidetza eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiak 2016. urtean jarri zuen martxan ikur frankistak kentzeko programa. Urte berean, azaroan, 224 ikur jasotzen zituen errolda bat aurkeztu zuen. Gobernuak, gainera, diru saila onartu zuen iaz, bertzeak bertze, ikur frankistak kentzeko lanak diruz laguntzeko. 30.000 eurokoa izan zen 2017koa; aurtengoa, berriz, 50.000koa. 2013ko memoriaren legeak jasotzen du ikur frankistak kentzeko beharra. Hamar urte lehenago, ikurren legeak ere urtebeteko epea zehaztu zuen ikur horiek ezabatzeko. Epea amaitu eta gero, ordea, ikur, plaka eta irudi frankista anitz ziren, oraindik ere, Nafarroako kale, plaza eta bertzelakoetan zintzilik.
"Faxismoaren ikurrak dira. Bada garaia dauden guztiak kentzeko", berretsi du Nafarroako Fusilatuen Senideen Elkarteko presidente Jokin de Carlosek. Eskertu du Nafarroako Gobernuak egindako lana, eta txalotu du administrazio nagusiak, azkenean, memoria historikoaren legea "iparrorratz" bilakatu izana. "Urte luzez egon gara babesgabe; gobernuaren jarrera erabat aldatu da, eta biziki eskertzen dugu", erran du.
Fusilatuen senideek eta memoria historikoaren esparruan ari diren gainerako elkarteek egiten duten lana nabarmendu du Baraibarrek, eta lan hori jo du, hain zuzen ere, orain gobernuak politika publiko bilakatu dituen oinarrien erro nagusi.
Memoriaren Autobusak Pamiela etxearekin egindako liburua erabili zuen gobernuak, bertzeak bertze, ikur frankisten errolda osatzeko. Agerian dira horietako anitz; bertzeak bertze, Nafarroako jauregiko paretan zegoen ereinotz gurutzea. Hori kendu, eta beirate bat jarri du gobernuak. "Ezin diegu bertzeei exijitu guk egiten ez duguna", erran du Baraibarrek. De Carlosek ere argi du gobernuak egindako urratsak balio izan duela udal anitzek beren ikurrak ezabatzeko lanari ekiteko.
Toki batean eta bertzean kendutako ikur guztiek ez dutela dimentsio bera erantsi du Baraibarrek. "Corellan kendu duten plaka, adibidez, hagitz sinbolikoa zen". Herriko sarreran dagoen gurutzean zegoen, "Espainiaren eta Jainkoaren alde eroritakoen omenez". Omendutakoen zerrendan lehena zen Primo de Rivera. "Plaka hori kentzeak badu edozein herritako etxebizitza batean zegoen plaka txiki bat kentzea baino indar handiagoa", erran du Baraibarrek.
Gogoratu du 2016ko errolda ez dela behin betikoa: "Zaila da ikur guztien berri jasotzea". Garesen, adibidez, ereinotz gurutzea duten plakak ageri dira lurrak ureztatzeko sisteman. Ez zeuden erroldan jasota, ordea, hasieran.
Zigortzeko sistema
Baraibarrek argi du udal "gutxik" dutela ikur frankistak uzteko borondatea. Horiek ere kendu beharko dituzte, ordea, zigorra jaso nahi ez badute, behintzat. Egia da legez jasota dagoela 2003. urtetik ikur horiek ezabatzeko betebeharra, baina orain bertze urrats bat egin du Nafarroako Parlamentuak, eta 2013. urteko memoria historikoaren legea moldatu du, ikurrak kentzen ez dituztenentzat zigorrak ezartzeko.
EH Bilduk, Geroa Baik, Ezkerrak eta Ahal Dugu-k aurkeztu dute proposamena, eta talde horien eta PSNren aldeko botoa jaso du. Urtebeteko epea zehaztu du legeak ikur frankistak kentzeko. Epe hori beteta ikurrak ezabatu ez dituzten entitateek 2.001 eta 10.000 euro arteko isuna jaso ahal izanen dute. Moldatutako legeak isunak ezarriko dizkie, halaber, 1936ko gerrako biktimen arrastoak lur azpitik ateratzeko baimenik gabeko indusketak egiten dituztenei. 10.001 eta 150.000 euro artekoak izanen dira, kasu horretan. Legeak gogoratu du Nafarroako Gobernuak protokoloa baduela indusketak egiteko.
"Tristea da zigorrak ezarri behar izatea legea betearazteko, baina, egin behar bada, egin dezatela. Udal anitzek gogoz lan egin dute ikur frankistak kentzeko, baina bertze batzuek ez, eta hori ezin dugu onartu", erran du De Carlosek. Argi du, halere, gizarteak gogoeta egin duela memoria historikoaren gaiari buruz, azken urteotan, eta gehienek "Nafarroa etikoago bat" utzi nahi dutela etorkizuneko herritarrentzat. Iritzi berekoa da Baraibar. Pedagogiaren alde egin du, eta bere egin du memoria lantzen jarraitzeko konpromisoa.