MEMORIA

Memoriaren bidetik, Igarin

Francok behartuta Igari eta Bidankoze arteko errepidea egiten aritu ziren ia 2.400 preso antifaxistak omenditu ditu Memoriaren Bideak elkarteak; tartean izan da 98 urteko Luis Ortiz.

Ezker eskuin, Luis Ortiz Alfau, Lucio Urtubia, Vicente Lacasia eta Josefina Lamberto gaurko omenaldian. IDOIA ZABALETA, ARGAZKI PRESS
edurne elizondo
2015eko ekainaren 20a
18:02
Entzun

Hamaikagarrenez egin dute. Baina lehendabiziko urteko emozio berak hartu ditu Igariko gaineko bazterrak (Nafarroa). Francoren batailoietan lanean behartuta aritu zirenek omenaldi beroa jaso zuten, atzo, Memoriaren Bideak elkartearen eskutik. Ia 2.400 aritu ziren Igari eta Bidankoze (Nafarroa) arteko errepidea egiten, 1939tik 1941era. 38. batailoia osatu zuten. Errepide horretan bertan jaso zuten herritarren elkartasuna eta esker ona, atzo eguerdian.

«Hemen gertatu zena ezagutarazteko lanean jarraituko dut, bizi naizen bitartean». 98 urte ditu Luis Ortiz bilbotarrak. «Urrian, 99 eginen ditut». 38. batailoian izan zen, bi urtez, eta, aurretik, Gurs-eko kontzentrazio esparruan, sei hilabetez. Francoren preso ohiak, hala ere, irribarre zabala erakutsi zuen, atzo, Igariko gainean, eta biziki eskertu zuen jasotako omenaldia. «Eskerrik asko hemengo bizilagunei ere; beti saiatu ziren gu laguntzen».

Ortiz izan zen atzoko ekitaldiko gonbidatu nagusietako bat. Burlatako joaldunekin ailegatu zen Igariko gaineko omenaldira. Ez zen bakarrik. Vicente Latasia preso antifaxista ohiak, Lucio Urtubia anarkistak eta frankismoaren errepresioa gogor jasan zuen Josefina Lambertok lagundu zuten. Aita eta ahizpa hil zizkioten, 1936an, Lambertori.

Burgikoa (Nafarroa) da Latasia, baina Maulen bizi da. Haren anaia fusilatu egin zuten, eta bera Afrika iparraldera eraman zuten, preso. Hunkituta zegoen atzo. Erabat. «Osasunez ez nago ongi». Baina Igariko gainean egon nahi izan zuen. «Egun berezia da hau». Mikrofonoari heldu zion, omenaldiarekin bat egin zuten dozenaka herritarrei hainbat hitz errateko, baina kostata atera zitzaizkion. «Osasuna eta askatasuna», laburbildu zuen.

Lucio Urtubia bera hunkitu zen Latasiari so. Besoa sorbaldaren gainean jarri zion, behin eta berriz, babesteko. Cascanten (Nafarroa) jaioa da Urtubia. «Gorroto nion Nafarroari», aitortu zuen atzo. «Krimenak eta bidegabekeriak bertzerik ez zidan eman. Memoria ezabatzen saiatu dira, baina ezin da hori egin. Orain harro nago Nafarroan gertatzen ari denaz».

Lekukoa, senideentzat

Juan Kruz Lakasta kazetariak aurkeztu zuen atzoko omenaldia. Gonbidatuei so, behin eta berriz errepikatu zuen: «Zuen memoria, gure bidea». Atzoko ekitaldiarekin, frankismoaren errepresioa zuzenean jasan zutenen senideak ere omendu nahi izan zituzten. Euskal Herriko hainbatek bat egin zuten Igariko gainean, baina baita bertze hainbat txokotakoek ere. Toledotik (Espainia), adibidez, hainbat senidek egin zuten Nafarroarako bidaia. Hiri horretako hainbat preso Lesaka (Nafarroa) eta Oiartzun (Gipuzkoa) arteko errepidea egiten aritu ziren. Haien inguruan liburua plazaratu du Pamielak: Batallón de pico y pala (Pikotx eta pala batailoia). Angel Organerok idatzi du.

Errepide horretan aritu zen Donato Cuerda, eta haren alaba Irenek ere ez zuen hutsik egin. «Borrokatzen jarraitu behar dugu», nabarmendu zuen. Jesus Lopez ere Lesakan izan zen, behartuta lanean. Haren senitartekoek nekez eutsi ahal izan zieten malkoei atzo. Hala nabarmendu zuen Jose Rodriguezek: «Memoria gabe ez gara deus. Ezin dugu gertatu zena ahaztu; gure betebeharra da horren berri ematea hurrengo belaunaldiei».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.