Goizean goiz hasi dira omenaldiak, Ajuria Eneko jauregian. Patxi Lopez lehendakaria, eta Jaurlaritzako sailburu guztiak izan dira biktimei elkartasuna adierazten. Maixabel Lasa eta Txema Urkijo Biktimen Arretarako Jaurlaritzako bulegoko buruak ere izan dira, ETA, GAL eta eskuin muturreko taldeetako 80 bat biktimarekin batera. Gonbidatuen artean ETAren biktimak izan dira nagusi, baina ez bakarrak: Batallon Vasco Españolek 1980an hildako Mari Jose Bravo del Valle eta eskuin muturreko taldeek 1976an hildako Norma Mentxakaren senideak ere joan baitira ekitaldira.
Biktimen memoriari «eustea» ezinbestekoa dela esan du lehendakariak, hitza hartu duenean. Biktimak gogoratzea, euren «oinazeari» zentzua emateko ez ezik, «indarkeria deslegitimatzeko» tresna ere badela adierazi du. «Iragana ezin da ahaztu, etorkizunari begiratu nahi bazaio», lehendakariaren esanetan. Hala, biktimen «memoria eta askatasuna» etorkizuneko zutabeak izango direla adierazi du. Biktimak «askatasunaren ikurrak» direla erantsi du lehendakariak: «Gu guztion askatasuna eta duintasuna defendatzeagatik dira biktima, eta horregatik izango dira herri honen zimenduak».
Memoria, «egia eta justizia» da, lehendakariaren ustez, eta gertatutakoak ahazteak duintasuna galtzea ekarriko luke: «Gogoratzea, terrorismoaren biktimek pairatutako sufrimenduari zentzua ematea da, ahaztea, berriz, hilketarik edo mehatxurik ez dela egon onartzea». Lehendakariaren ustez, sufrimenduaren oroimena aldarrikatuta, biktima guztien izen-abizenak eta haien bizipenak ere aldarrikatu egiten dira.
Hala, etorkizunera begiratu nahi bada, iragana ezin dela ahaztu esan du lehendakariak, Agustin Ibarrola eskultorearen oroitarria inauguratu duenean. Ajuria Eneko lorategietan egongo da hemendik aurrera burdinazko xaflaz egindako obra. «Iragana gogoratzen» du, baina aldi berean etorkizunari «itxaropenez» begiratzen dio oroitarriak, lehendakariaren esanetan.
«Ahanzturaren» aurka
Ajuria Eneko ekitaldia amaituta, haren lekukoa hartu du, ostean, Eusko Legebiltzarrak, biktimen aldeko osoko bilkura berezia eginez. Ekitaldi laburra egin dute ganberan: Legebiltzarraren atarian dagoen biktimen aldeko eskulturan lore-koroa paratu dute,Memoriaren Egunaren harira onartutako adierazpena irakurridu gero Legebiltzarreko presidenteak, eta biktimen aldeko minutu bateko isilunea egin dute, amaitzeko. Memoriaren Egunaren harira irakurritako idatziak Aralar eta EAren babesik ez duenez jaso, testua Presidentziaren izenean irakurri du Quirogak.
Memoriaren Egunean «terrorismoaren» biktima guztiak «salbuespenik gabe» oroitu nahi dituztela esan du Quirogak, onartutako adierazpena irakurri duenean. ETAk, GALek, Batallon Vasco Españolek eta bestelako talde armatuek eragindako biktimak izan ditu gogoan, baina azpimarratuta gaur egun euskal herritarren «elkarbizitza arriskuan jartzen duen talde bakarra» ETA dela. Hemendik aurrera biktima horien guztien «ondare» izan nahi du azaroaren 10ak, indarkeriarenak ez ezik, «ahanzturarenak ere izan ez daitezen», Eusko Legebiltzarreko presidenteak adierazi duenez. «Gaurtik aurrera, urteurren honek gogora ekarriko digu zer gertatu den eta zerk ez duen gertatu behar, inoiz ez».
Irakurritako adierazpenak dio memoria biktimen «eskubidea» dela, gertatutakoari buruzko «egiazko azalpena» eraiki dezaten laguntzeko. Baina, iraganari ez ezik, geroari ere aipamen egiten dio testuak, biktima guztien memoria gordetzeak «bakean eta askatasunean oinarritutako etorkizuna lortzeko» balio izango duelako.
Hutsuneak
Legebiltzarreko omenaldian, hutsune ugari egon dira, bai legebiltzarkideen eserlekuetan, bai gonbidatuen palkoetan. Aralarreko eta EAko parlamentarioek ez dute ekitaldian parte hartu, Memoriaren Egunak gatazkaren biktima guztiak aintzat hartzen ez dituelako, eta, beraz, haien aulkiak hutsik egon dira. EAJ, PSE, PP, EB eta UPDko legebiltzarkideek, berriz, bilkuran parte hartu dute -Jesus Egiguren PSEko legebiltzarkide eta alderdiko presidentea ez da egon-.
Hutsuneak egon dira, halaber, osoko bilkura bertatik bertara jarraitu duten biktimen artean, GAL, Batallon Vasco Español eta eskuin muturreko talde armatuen biktimarik ez baita joan Legebiltzarreko ekitaldira. ETArenbiktimek etasenideek bete dituzte gonbidatuen aulkiak: Covite, AVT eta Buesa eta Miguel Angel Blanco Fundazioetako ordezkariak izan dira, besteak beste.
Ajuria Enean eta Eusko Legebiltzarrean ez ezik, Batzar Nagusietan eta zenbait udaletan ere biktimak omendu dituzte, eta han ere Memoriaren Eguneko idatzia irakurri dute. Arabako Batzar Nagusietan EAE-ANVko lau ordezkariak, EAko biak eta Aralarrekoa ez dira adierazpenaren irakurketan egon. Gipuzkoan, Aralar eta Alternatibako batzarkideek ez dute omenaldian parte hartu, eta Bizkaiko Batzar Nagusietan EAko, ANVko, Alternatibako eta Aralarreko batzarkideen hutsunearekin irakurri dute idatzia.
Eguerdi partean, berriz, omenaldia egin die Eusko Jaurlaritzak ETAk hildako hamabost ertzainei, Arkautiko akademian (Araba). Patxi Lopez lehendakaria eta Rodolfo Ares Herrizaingo sailburua izan dira ekitaldian. Lehendakariak ETAk hildako ertzainen «sakrifizioa» nabarmendu du: «Haiei esker, gaur askeagoak gara, baina ez dugu sekula ahaztuko ordaindu zuten prezioa». Lehendakariak esan du ETAk Ertzaintza jomugan duela «askatasunaren eredu» delako, eta hargatik, hildako ertzainen memoria «harro» aldarrikatzeko eskatu du.
Memoriaren Egunaren amaierako ekitaldia Andoainen (Gipuzkoa) egin dute. Han, erakundeek indarkeriaren zazpi biktimari omenaldia egin diete.