Martin Garitano (Bildu) Gipuzkoako ahaldun nagusiak Memoriaren Egunean esan du "biktima guztiak" izan behar direla gogoan, eta gaurko eguna "biktima denena" ez dela iritzi dio. "Milaka eta milaka euskal herritarrek jasan izan dute estatuen indarkeria", Garitanok adierazi duenez, eta haiek ere aintzat hartzeko eskatu du.
Batzar Nagusiek Donostian antolatutako ekitaldian parte hartu du. Lelorik gabeko elkarretaratze isil bat izan da, eta Iker Badiola Kultura diputatuak eta Marina Bidasoro Aldundiko Giza Eskubideen Saileko zuzendaria ere izan dira Diputazioa ordezkatuz.
Bilduko ordezkariak izan da "terrorismoaren" monolitoaren aurrean lorak utzi ez dituzten bakarrak.
Lopezek ere "biktima guztiak" gogoan, "parekotasunik egin gabe"
Patxi Lopez (PSE-EE) Eusko Jaurlaritzako lehendakariak ere "biktima guztiak" izan ditu gogoan, "parekotasunik egin gabe". ETA, GAL edo Batallon Vasco Españolen biktimak aipatu ditu, baita "estatuko funtzionario batzuen aldetik giza eskubideen urraketak jasan izan dituzten pertsonak" ere. Dena dela, esan du "hilketa egin nahian hil izan dena" ez dela biktima, "baizik eta hiltzaile frustratu bat".
Adierazpen instituzionala irakurri du Ajuria Enean, eta haritz bat landatu du. Jaurlaritza saiatu da toki guztietan irakurtzeko testu bat alderdiekin adosten, baina ez du lortu.
Lopezen arabera, "Euskal Herriak askatasuna, autogobernua eta instituzio demokratikoak defenditzeagatik ordaindu egin du".
Eusko Legebiltzarrean, EAJ, Aralar, EA eta EBk lora sorta propioa
Eusko Legebiltzarrean ere ekitaldia egin dute, goizean. Eraikinaren kanpoan dagoen "terrorismoaren biktimen" omenezko monumentuan lore eskaintza egin du Arantza Quiroga (PP) legebiltzarreko presidenteak, baina ondoren EAJ, Aralar, EA eta EBko parlamentariek beste lore sorta bat jarri dute han, "motibazio politikoek eraginako biktimak ere gogoan izateko".
Bizkaiko Aldundiaren ekitaldian PSE eta PP ez dira izan
Ekitaldi ofiziala egin du Bizkaiko Diputazioak ere, baina han PSE eta PPko batzarkideak ez dira izan. PPk esan du Aldundiak "biktimak parekatu" egin dituelako geratu dela bera parte hartu gabe. EAJkoak eta Bildukoak baino ez dira izan. Jose Luis Bilbao (EAJ) ahaldun nagusiak agiri instituzional bat irakurri du.
Ordu horretan bertan lore eskaintza egin du Bilboko Udalak, Casilda Iturrizar parkean dagoen monolitoan. PPko zinegotziek ez dute parte hartu, aurreko arrazoi beragatik.