Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordeak Memoriaren eta Bizikidetzaren Institutua eratzeko lege proposamenaren irizpena onartuko du bihar, EAJ eta PSEren aldeko bozekin. Adostutako testuak, ondoren, Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuraren berrespena beharko du aurrera egiteko.
Testuaren arabera, "edozein terrorismo, indarkeria edo giza eskubideen urraketa legitimatzeko historiaren berridazpenak egitea" saihestuko du institutuak, eta euskal gizarteak azkeneko mendean pairatutako lau esperientzia "traumatiko" izango ditu ardatz: "gerra zibila, diktadura frankista, ETAren terrorismoa eta legez kontrako kontraterrorismoak". Onartuko den testuan jasotzen denez, "balio demokratiko eta etikoen kontserbazioa, ikerketa, hedatzea eta hezkuntza kudeatzea" izango da Memoriaren eta Bizikidetzaren Institutuaren funtzio nagusia.
EH Bilduk abstentzioaren alde egingo du biharko bozketan. Koalizioak "izaera politikoa duten indarkeria guztiak" kontuan hartu izana baloratu du, baina ez da bat etorri testuan erabilitako terminologiarekin: "ETAren terrorismoaz hitz egiten da, eta legez kontrako kontraterrorismoez, estatuaren terrrorismoa eta horrek eragindako giza eskubideen urraketak erantzun modura planteatuz".
PPk, bestalde, testuaren kontra bozkatuko du, "gatazkaren teoria elikatzen" duela iritzita. UPDk ez du presentziarik Giza Eskubideen Batzordean, eta txostena lantzeko bileretan ere ez du parte hartu, ezker abertzalearen ideiak berresten dituelakoan.