Joan den astean iragarri bezala, Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak onartu du Memoria Historikoaren eta Demokratikoaren Legearen zirriborroa, eta, beraz, Eusko Legebiltzarrera igorriko du egitasmoa, han eztabaidatu, talde parlamentarioek zuzenketak aurkeztu, eta behin betiko oniritzia eman diezaioten. Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak adierazi duenez, lege honek «indartu» egingo du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erakundeek orain arte egin duten lana, eta horri «arau esparru bat» emango dio.
«Egia, justizia, erreparazioa, berriz ez gertatzeko bermea eta balio demokratikoak» dira lege egitasmoaren ardatzak. Han jasotzen denez, gizarte osoak, eta bereziki biktimek, 1936ko gerran eta ondorengo diktaduran gertatuaren egia jakiteko eskubidea dute. Justiziaren arloan, berriz, legean zehazten da Ertzaintzaren, Fiskaltzaren eta organo judizialen zeregina, giza gorpuzkiak aurkitzearen eta egindako identifikazioen ondorioz delitu zantzuak daudela jakinarazteko.
Biktimek errekonozimendu eta erreparaziorako duten eskubidea ere aitortzen da legean. Besteak beste, biktimak gogoratzeko eta omentzeko urteko egun bat ezartzea proposatzen da lege egitasmoan.
Memoria zabaltzeko bideen atalean, berriz, Gogora institutuaren egoitzan erakusketa gune bat sortzea eta memoria historikoa euskal curriculumean txertatzea aurreikusten da. Gerran desagertutako pertsonak aurkitzen eta identifikatzen jarraitzea, memoria historikoko erakundeen aholku batzorde bat sortzea eta frankismoa goresten duten ikurrak kentzen segitzea ere aurreikusten da Jaurlaritzak onartutako zirriborroan.
Diktadura goraipatzea, zigorturik
Lege egitasmoak memoriaren arloko arau hauste oso larriak, larriak eta arinak sailkatzen ditu, eta bakoitzari dagokion zigorra ere ezartzen du. Arau hauste oso larriak biktimen hobiak suntsitzea, dokumentuak ezkutatzea eta antzekoak dira, eta 10.000 eurotik 150.000 euro bitarteko isunak jaso ditzakete horrelakoak egiten dituztenek. Diktaduraren biktimen aurkako adierazpenak egitea eta 1936ko kolpe militarra eta diktadura goraipatzea arau hauste larritzat jotzen dira, eta 2.000 eurotik 10.000 euro bitarteko isunekin zigortuko dira.