Etapa mugitua izan da gaurkoa, Gasteizen hasi eta Lekunberrira (Nafarroa) bitartekoa. 182 kilometro eta mendate ugari, asko izan dira gaurko lasterketaren zailtasunaz baliatu nahi izan duten txirrindulari eta taldeak, besteen hutsegitea edo ahulaldia baliatu eta Itzulia erabakita lagatzeko.
Horrela, tropela Gasteiztik abiatu eta segituan hasi dira ihesaldi saioak. Lasterketa hasi eta ordu erdi baino lehen, CSCko Jens Voigtek 10 segundoko abantaila izan du une batean tropelarekiko. Hain justu, Azazetako gainean Voigt izan da lehendabizikoa, baina Euskalteleko Unai Etxebarria orpotik zuela.
50. kilometroan, 23 ziren tropeletik ihes eginda talde batean zihoazen korredoreak, haien artean, sailkapen nagusian hirugarren den Davide Rebellin. Ordea, Urbasako gainean, 12 baino ez ziren lasterketa buruan zihoazen txirrindulariak, gainerako 11k tropelak jan baititu.
Gerora, ordea, 15era zabaldu da alde eginda zihoan taldea, eta Euskalteleko Gorka Gonzalez jarri da haien buru. Lekunberriko helmugara bakarrik iritsi da Gonzalez, atzetik zihoakion taldeari 29 segundoko aldea aterata, eta tropelari, berriz, lau minutu eta bost segundokoa. Huitziko mendatean ere Gonzalez izan da lehena, zertxobait atzerago Moos eta Arrieta zituela.
Baina Ibarrako kaleetan amaitu da Gonzalezen ihesaldia, Horrillok, Arrietak eta Fofonovek harrpatu baitute. Handik piska batera, helmugarako 12 kilometro falta zirela, tropelak jan ditu laurak.
Euskal Herriko Itzulia
Menchov Lekunberrin irabazle, eta, gainera, lidergoa eskuratu du
Azpirozko mendatean gora lortutako abantailaz baliatuta, Illes Balears taldeko Menchov bakarrik sartu da Lekunberriko kaleetan, eta helmugan ere bera izan da aurrenekoa. 14 segundo atera dizkio atzetik zetorkion taldeari — hurrenez hurren, Sanchez (Euskaltel), Di Luca, Valverde eta Ferrio sartu dira talde horren buru—, eta Aitor Osa eta David Etxebarria euskaldunak zertxobait atzerago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu