Epaileak frogatutzat jo du M.V.A. gizonezkoak —28 urte ditu, eta Logroñokoa (Espainia) da— hil zuela Sara Victoria Cercano, Mendabian (Nafarroa), 2003ko abenduan. Herri epaimahaiak ere erabaki bera hartua zuen aurrez.
Atzo zabaldu zen sententzia, eta bertan jasotako kontakizunaren arabera, bi lagun talde bereizitan Logroñoko tabernetan ibili ondoren, Mendabiako diskoteka batera joan ziren egun hartan andrea eta atxilotua, eta goizaldean autoan irten ziren hango paraje batera. Han hil zuen gizonak 32 urteko emakumea, buruan kolpe bat jo eta itota. Ehiztari batek aurkitu zuen andrearen gorpua.
"Modu kontzientean"
Andrea hil ondoren, Logroñora joan zen gizona, bere lanpostura, eta han atxilotu zuen Guardia Zibilak. Egindakoa aitortu zien poliziei. Aurrez, ordea, gertakariekin lotutako zantzuak ezabatzen ahalegindu zen: autoa garbitu zuen, eta bota egin zituen andrearen objektuak. Espetxean sartu zuten abenduaren 10ean.
Epaileak aringarri gisa onartu du alkohol eta droga kopuru "handia" kontsumitu izana, baina hilketa "modu kontzientean" egin zuela ebatzi du.