Lehen ikastolak sortu eta gutira hasi zen Amikuzeko ikastolaren ibilbidea ere. Gaur egun, lehen irakasleetan zirenak, beren ikasleen lankide izan ondotik, erretiratu dira. Belaunaldi desberdinetan ikasle eta guraso izan direnak elkartu dira 50 urteen besta desberdinak prestatzeko.
Ospakizunen agendak agerian uzten du ez dela urtebetetze tipia Amikuzeko ikastolarena, urte osoan zehar egitasmo desberdinak izanen baitira, arlo desberdinetan. Hogei ikaslerekin hasi ziren lehen kurtsoak eta heldu den ikasturtea abantzu ehun ikaslerekin hasiko da. Ikasle ohiak andana bat dira, eta anitz urtebetetzearen ospakizunetako antolaketa taldean dira.
Abiatzea, sostengurik gabe
Arrangoitzen edo Baionan momentu berean egiten ari zirelako hasi ziren Amikuzeko guraso batzuk behar ziren urratsak egiten beren haurrek euskarazko irakaskuntza ukan zezaten. Horietan lehena Mixel Etxeberri izan zen: “Amets batetik abiatu nintzen, eta nik uste ene bizian egin dudan gauzarik inportanteena izan dela”. Seme gehienak bi urte zituelako interesatu zen ikastolen sareari, euskaraz ikastea nahi zuelako, eta Argitxu Nobliak etxera egin zion bisitak akuilatu zuen haur gehiago xerkatzen hasteko. Hogei bat izan ziren lehen sartzean, 1971. urtean.
Donapaleuko kontseilari guztiekin mintzatu zen lehenik Etxeberri, banaka-banaka, Eñaut Larralderen laguntzarekin. “Ez zuten fitsik konprenitu nahi eskola bat euskaraz egiteaz eta ez ziguten nehondik eman gelarik Donapaleun. Kasik denak kontra genituen”, oroitzen da Amikuzeko ikastolaren sortzailea. Garruzen atzeman zuten aterpea azkenean, herriko apezaren laguntzarekin: apezetxean gela ilun eta desegokiak baziren ere, hor bederen erabiltzeko baimena ukan zuten, apezarenganik lehenik eta herriaren partetik gero. Beste ikastola anitzetan bezala, gurasoak lotu ziren hargingoari eta tindu lanari gelak egokitzeko; lehen eskola sartzea hiru asteko berantarekin egin zen obrengatik.
Amikuzeko ikastolako argazkia, 1977 urte aitzinekoa
Mixel Etxeberrik gogoan du “asteazkenetan edo ostegunetan katixima egiteko” gelak libre uztea zela trukean ezarri zitzaien baldintza. Herrian eskola bai, baina ama eskolarik ez zenez, lehen ikasleetan “hiruretatik bat” Garruzekoak izan ziren, baina “bost urtetan herriko eskolara joaten” zirela oroitzen da Etxeberri.
Donapaleun da gaur egun ikastola, Amikuzeko erdigunean. Baina inguruko herriak ez bezala, hiriburua ez zen -garai horietan bederen- euskararen arnas gunea Jenofa Arbeletxe irakasle ohiaren ustez ere: “Donapaleu herrian berean bada burgesia bat auzo herrietan ez dena; jende horientzat, oraino ere, euskara beste mundu bat da”. Hedexuriekin anekdota bat ere gogoan du Mixel Etxeberrik, bidean ezarri traben erakusle: “Kantaldien afixak nik manatzen nituen eta gaizki ezarriak genituelakoan jendarmeak ene zuzendariaren aitzinera heldu ziren”, dio ikastetxe pribatu bateko irakasle izan denak. Baina zuzendaria Junes Cazenave Harigile zuen, euskaltzalea bera, eta bere laguntza eta sostengua oroitzean esker oneko hitzak ditu oraino ere Etxeberrik.
Lehen maila irekitzeko egin beharreko urratsak izan ziren gogorrenak halere. Garruzeko haurrak bezala, beste anitz bost urte arte ikastolan egon ondotik inguruko herrietako eskoletara joaten baitziren, Etxeberrik dionaz: “Hemengo herri tipietan bost urtetan hartzen baitzituzten haurrak. Errient eta errientsek presio egiten zuten zentzu horretan, erranez herrietako eskolak nahi genituela leherrarazi. Halako argumentu tzar batzuk atera ziren, politika argumentuak ere jendea gibelarazteko, giroa ez zen erresa alde horretatik”.
Presio edo “kalapita” handiagoa ere izan zen lehen maila sortzea debekatu zitzaielarik. Etxeberriren memoria zehatzari ez dio ihes egin “1977an hamar milako manifestaldia izan zela. Baziren jadanik bi lehen maila irekiak baina barnealdean ez zuten nahi”. Donapaleun lehen maila irekitzea debekatu zelako antolatu zen mobilizazio jendetsu hura. Debekuaren zergatiaz galdeturik, guraso ohiak dio bere iduriz “egun hauetan den istorio bera zela ordukotzat, nahi zuten euskara emeki-emeki hil zedin eta tipiekin soilik uste zuten ez zela salbatuko. Hartako ez zuten nahi lehen maila irekitzea”.
Gisa bereko oroitzapenak ditu Jenofa Arbeletxek ere: “Hastapenean militanteak ginen, abertzale horiek ez ziren ontsa ikusiak orduan”. Egun adierazgarria zaio, aldiz, ikastolako haurrek besteekin duten harremana: “Ikastolako haurrek beste eskoletako eta kolegioetako haurrekin hartzen dituzte autobusak. Kolegioko haurrak hasten dira bederen euskaraz agurtzen, duela 20 edo 15 urte ez genuen halakorik ikusiko. Beste irudi bat bada orain ikastolako haurrei buruz”.
Bazterretik erdigunera
Hastapenetako kontakizunetatik gaur egungo egoerara, asma daitekeenez, urrats andana bat egin dira. Parekatu daiteke beste ikastoletako bilakaerarekin ere, nola ez. Coline Urcun-Marcok badu bide eginik ikastolan, ikasle izatetik irakasle izatera heldu baita; bere erranetan ere, irudi aldaketa agerikoa da: “Egia da gu ttipiak ginelarik ‘baskoi’ hitza entzuten genuela. Orain euskararen onarpena hobea da, bai ikastolarena ere”.
Gurasoen aldetik, Etxeberriren garaian gurasoen lana ezinbestekoa bazen irakasleen paga bederen segurtatzeko, gaur egungo gurasoak “gutiago” inplikatzen dira Urcun-Marcoren ustez, “Lehen gauza anitz baziren egiteko ere, inplikazioa handiagoa zen, gaur egun ez da hainbeste sentitzen”. Ikasle ohiak berriz, ikastolaren urtebetetze ospakizunentzat adibidez, lanean ari dira Jenofa Arbeletxen plazerrerako: “Interesgarria da, taldeko bilkuretan plazer egiten dit ikustea lehengo gazteek hartzen dutela beren gain besta horren antolatzea. Belaunaldi guztiak elkartzen dira eta giro izugarri polita bada”.
Coline Urcun-Marcori galdetzen zaiolarik ikasle denboretako zer oroitzapen duen, bizikidetza gailentzen da: “Ikastola tipia izanik harreman sendoak genituen bai ikasleen artean, bai irakasleekin. Ez zen bakarrik laneko harremana; elkartzen ginen beti denak aktibitate anitzentzat. Euskara ikasteko parada izan da eta elkarrekin bizitzen ikasteko”.
Historiaren bi hari muturrak parekatzean, duela urte bat erretreta hartu arte zubi lanetan aritu den Jenofa Arbeletxek ere horretan zentratu du transmisio lana: “Eskolako proiektua ere transmititzen entseatu naiz, haurrekin elkarbizitza bultzatzea”.
Ospakizunak iragartzeko zabaldu duen agirian, antolatzaile taldeak dio, hainbeste urteen ondotik, “ikastola integratua [dela] bere lurraldean, herrikoia da: aspaldiko partez: ‘Ikastola, herri eskola!'”. Horren adibidetzat hartzen dute amikuztarren onarpena eta heldu den sartzean izanen den ikasle kopurua: 98. Behar den bezala ospatzeko, zazpi hitzordu antolatu dituzte urtean zehar, bat iragana dena eta irailaren 18an eginen den besta handiaren inguruan. Ikastolaren historia ere ezagutarazi eta zabaldu nahi dute liburu eta bideoetan bilduko dituzten lekukotasun eta argazkien bilduma desberdinekin.
50 URTEKO HISTORIA
Data gehiago sartu zitekeen zerrenda honetan, Seaskaren federazioan partaide izan baita Amikuzeko ikastola hastapenetik, eta ikastola guztietan eragina ukan duten gertakari franko izan baita, berriki arte ere. Hauek dira, halere, Amikuzeko ikastolaren datarik esanguratsuenak:
1971
Sortzea. Amikuzeko ikastola sortu zen Garruzeko apezetxeko gela batean, Donapaleun ez zietelako egoitzarik utzi. 20 bat ikasle izan ziren lehen urtean.
1977
Lehen maila. Donapaleuko lehen maila irekitzeko Frantziak ezarri debekuak Seaskaren lehen mobilizazio jendetsua eragin zuen Baionan. Gero ireki ahal izan zuten lehen maila, eta ikastola Garruzetik Donapaleura joan zen, prefabrikatuetara.
2001
Egoitza berria. Prefabrikatuen partez egoitza berria eraiki zuten.
2007
Larzabale. Manex Erdozaintzi Etxart kolegioa ireki zen.
2021
50 urte. Ikastolak mende erdiko ibilbidearen ondotik, 98 haur ukanen ditu irailean.
OSPAKIZUNAK
Amikuzeko ikastolako ikasle, guraso eta irakasle ohiek gaur egungoekin batean antolaturik, hainbat ospakizun prestatu dituzte 50. urtebetetzea behar bezala ospatzeko.
Uztailaren 22a
Zinema gaualdia. Donapaleuko zineman.
Irailaren 18a
Besta handia. Aiziritzen.
Urriaren 24a
Lagunen kantaldia. Donapaleuko zineman.
Azaroaren 20a
Pilota desafioa. Donapaleuko trinketean.
Azaroaren 27a
Kabarete gaua. Oraindik zehaztekoa den lekuan.
Abenduaren 18a
Bertso afaria. Oraindik zehaztekoa den lekuan.