Urtebeterako sortu zuten, baina 25 urteko ibilbidea bete du aurten Argitan Barakaldoko emakumeentzako aholkularitza etxeak. Udalak ordurako bertan behera utzia zuen berak kudeatzen zuen emakumeentzako aholkularitza zentroa. Hala ekarri du gogora Mireia Saiz Argitan etxeko kideak. “Argitan sortu zen udalaren aholkularitza zentro hori Barakaldoko emakumeentzat beharrezkoa zela aldarrikatzeko. Urtebeteko kontua izango zela pentsatu genuen, udalak berea ireki zezan lortu arte. Urtebeterako izan behar zuenak 25 urte bete ditu”. Ibilbide horretan Argitan taldekoek “feminismoaren alde eta feminismoarentzako” egindako lan guztia islatzen duten kartel batzuekin, erakusketa jarriko dute gaur, Anaien parkean.
Herrian ikusgai izan dute erakusketa lehenago ere. Martxoan, Gurutzetako Kultur Etxean jarri zuten; ekainean, berriz, Barakaldoko O’Connor tabernan izan zuten. Orain, kalera aterako dute. Gaur bertan muntatuko dute, 12:00etatik 20:00etara.
Kaleko presentzia
Saizek azaldu du Argitan elkartearentzat garrantzitsua dela kaleko lan eta presentzia hori, “kolektibo feminista gisa sarea sortu ahal izateko”, haien “lanaren oinarria aktibismo soziala eta feminista baita”. Esan duenez, erabiltzaile hustzat beharrean, emakumeak erabakiak hartzeko nahikoa gaitasun eta botere duten subjektutzat hartzen dituzte, eta ahalduntze prozesuetan laguntzen diete.
Mende laurdeneko ibilbidean, Argitan kolektiboak ehunka kartelez jantzi ditu herriko hormak: ikastaroak, aldarrikapenak, salaketak… Erakusketa kartel horien artean 25 aukeratuta osatu dute. “25 urteotan egin ditugun jarduera adierazgarrienak islatzen dituzte”. Hainbat gai eta jarduera ageri dira: Martxoaren 8ko kanpainak, Azaroaren 25ekoak, urteetan zehar egin dituzten autoestimu eta autodefentsa tailerrak, festetarako kartelak, erasoen kontrako protokoloenak, baita elkarteak Korrikan parte hartu duen urteetakoak ere.
Etxea sortuz geroztik taldeak jarraitu dituen lan ildoen berri eman du Saizek: “25 urtez lan handia egin dugu berdintasunaren alde eta emakumeen prekaritatearen eta pobreziaren kontra”. Oso garrantzitsua deritzo duten lan egiteko moduari. “Argitan etxean lan egiten dugun emakume guztiok militante eta aktibista moduan egiten dugu”. Autogestioaren bidez kudeatzen dute zentroa.
Aholkularitza etxean lan egin duten emakumeen militantziari eta konpromisoari esker, “erreferente” bilakatu dira Barakaldoko mugimendu feministaren barruan. Hala uste du Saizek. “Eta hori kalera ere heldu da”.
Lanean jarraitzen dutela esan du. “Gure lan ildo nagusiak prekaritatearen eta pobreziaren aurkakoak dira, eta salaketa publikoa eta aldarrikapena. Indarkeria matxistaren aurka borrokan jarraitzen dugu administrazio eta erakunde publikoei baliabideak eta neurriak eskatuz”. Hain zuzen, baliabide falta salatu du: “Ez dago neurri nahikorik indarkeria matxista pairatzen duten emakumeak artatzeko eta egiturazko diskriminazioa eta pobrezia bizi dugun emakumeen beharrei erantzuteko. Eta Ezkerraldean ere bizi ditugu horrelakoak”.
Argi dute Argitan aholkularitza etxea beharrezkoa dela oraindik, emakumeentzako baliabideak eskatzen jarraitzeko. Gainera, uste du azkenaldian Barakaldon sexu eraso salaketak ugaritu izanak erakusten duela gizartea zerbait gaizki egiten ari dela. “Ez dugu beste aukerarik: kalera irteten jarraitu behar dugu indarkeria matxista zer den ikusaraztera, gizarte osoa konturatu dadin hau egiturazko arazo bat dela, eta gizarte moduan eragiten digula”.