Lehen aldiz Lapurdirako jauzia egin du Euskal Eskola Publikoaren jaiak, eta asteburuan Hendaiara eraman dute ospakizuna. Badira 25 urte jaia egiten hasi zirela eta indartsu jarraitzen du ekimenak. Aurten berezitik Hego eta Iparraldeko eskolen arteko proiektuak hartu dituzte ardatz antolatzaileek.
Lurdes Imaz EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkarteko koordinatzaileak azaldu duenez, elkarte horren parte den Ikas-Biren 30. urteurrena ere baliatu nahi izan dute jaialdia Hendaiara eramateko. Imazek nabarmendu duenez, Ipar Euskal Herriko familien %70ek hautatzen dute eskola publikoa, Euskal Herriko bertze lurraldeetan baino gehiagok.
Goizeko 11:00etan puntuan zabaldu zituzten ateak, eta jendetza izan zen nagusi lehen ordutik. Eguraldi ona lagun, ehunka lagun batu ziren festara. Egunean zehar hainbat ekitaldi izan dituzte, besteak beste, jolasak eta tailerrak Emazu Eskua eta Beltzenia guneetan.