ESTATUAREN ETA ELIZAREN BEREIZKETA

Mendea egin du laikotasunak

Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako eskoletan laikotasun irizpideak dira 1905az geroztik hezkuntzaren ardatz

Aitor Renteria.
BAIONA
2005eko abenduaren 9a
00:00
Entzun


Frantziako Parlamentuak laikotasunaren legea onartu zuen 1905eko abenduaren 9an. Luze jo zuen legearen erditzeak. Izan ere Aristide Briand diputatuak aurkeztu lege egitasmoak Parlamentuko 45 bilkura behar izan zituen onartu aitzin. 1902ko ekainaren 6an Parlamentuko Presidente Emile Combes ezkerreko erradikalak abiatu egitasmoa lege bihurtu zen. Combesek, hala ere, dimisioa aurkeztu zuen 1905ko urtarrilaren 18an, eztabaidatuko zen egitasmoa elizarekiko sobera abegikorra zela argudiatuz.

Filosofia eta interes politiko nahasien fruitua izan zen Eliza eta Estatua bereziko zituen legea. Onartu aitzin, Konkordatua zegoen indarrean. Liberalen iritziz, Estatuaren eta Elizaren elkar hartzeak Estatuaren independentzia eta norbanakoen askatasunak kolokan ezartzen zituen. Ezkerreko erradikalak apaizen aurkakoak ziren eta bizi publikotik erabat ezabatu nahi zituzten. Katoliko liberalek ere Elizaren independentzia arriskuan ikusten zuten Estatuaren menpe egonez, eta laikotasunaren alde jotzen zuten. Funtsean, apaizak Estatuko funtzionarioak izanik, haren erranetara egonen zirela uste zuten. Interes kontrajarrien iturritik jalgi zen legea, nork bere ikuspegiaren eta ideologiaren arabera interpretatzen zuena, baina funtsean bereizketa ezartzen zuena indarrean.Aurrekariak izan ziren, bertzeak bertze, Estatua eta Eliza bereizten zituen legeak indarrean egon ziren 1795ean eta 1871n. Combesen garaian Frantziak eta Vatikanoak harremanak hautsi zituzten 1904eko uztailaren 30ean. 1921ean finkatu zituzten berriz harremanak.

Legearen «eztitzea»

Hastapenean Elizaren hainbat ondasun bereganatu zituen Estatuak. Baina berehala legea eztitu zuten eta elizak herrien esku utzi zituzten, «sinestunek baliatu ahal izateko». Bereizketa ez zen osokoa izan beraz, eta horrek jende batzuen sumindura eragin zuen. «Erlijioa bakoitzaren sinesmena da beraz ez du tokirik eremu publikoan», esan duAntoine Courneau, Baionako Familia Laikoen elkarteko presidenteak. «Iruditzen zait diru publikoa denen onura ekartzen duten egitasmoak bultzatzeko baliatu behar dela eta ez da hori elizaren kasua».

Alabaina, historiaren gurditik tiratzen duten zaldiak dira gertakariak. Lehen munduko gerran (1914-1918) 3.000 apaiz edo apaizgai hil ziren. Lubakiaren alde berean borrokatu ziren Estatuak eta Elizak hitzarmen berriak finkatu zituzten. Horien ondorioz, 1921ean harreman diplomatikoak izan zituzten berriro Frantziak eta Vaticanoak. Eskolan laikotasunaren irizpidea osoki betetzen bazen ere, gobernuek bideak atzemanen zituzten Elizari laguntzak emateko, nahiz eta agerikoak ez izan.Elizak 1901eko legean oinarritutako elkarteak osatzeko baimena zuen. Lege horri esker, elkarte batek etekinak egin ditzake egun bere lan ardatza burutzeko. Horretan oinarrituz, jendeek emaitza egin diezaiokete tokiko elkarte gisa hartu duen elizari. Nolabait apaiza elkarte horretako langilea da, bertze egitura batean langile bat egon daitekeen bezala.Hala ere, Estatua eta Eliza bereizten dituen legeak muturreko bi jarrerak apalaraztea lortu zuen. Batean antiklerikal sutsuak, bertzean elizaren aldeko jarrera irmoak. «Borrokara behartzen bagaituzue ez dugu gibelera eginen» adierazi zuen Hippolyte Gairaud apaiz errepublikarrak. «Gure gogoak eta sinesmenak inarrosten dituzue eta gerra bilatzen baduzue, gerra atzemanen duzue», iragarri zuen legea onartu zen unean Gairaudek.Gehienen interesak, ordea, bertze ildo batzuetatik abiatu ziren eta muturreko jarrerek, oraindik badaude ere, ez dute indarrik ukan laikotasunaren legea kolokan ezartzeko.Tentsioak egon badaude. Batzuek bereizketa handiagoa nahi dute; bertze batzuek sinesmenari tokia eman nahi diotelarik eskolan. Xavier Darcos, Dordogne-ko senatari ohiak horren aldeko jarrera azaldu du aste honetan. Bere iritziz, eskolak ez du aski sakontzen erlijioen ezagutzan eta «erlijio gertakaria» kultur elementu gisa eskolan sartu behar dela aldarrikatzen du.

Estatu laikoa

Michel Onfray filosofoak bertze aldera tiratu nahi du laikotasunaren ikuspegia. Bere ustez, Estatua funtsezko lanabesa da jakintzaren eremua kristautasunaren eskupetik kentzeko. Frantziako Errepublikak jarrera ateoa azaldu behar duela aldarrikatzen du. Gogor egiten du laikotasunaren irizpide klasikoa sostengatu nahi dutenen kontra. Irizpide horrek bereizketa bermatzen badu ere, Estatuaren neutraltasuna eskatzen du, sinesmen askatasunaa bermatuz.

Mendeak pisu handia du eta legea onartu zenetik gauza anitz aldatu dira. Kristautasunak indarra galdu du, bai Frantzian, bai Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Beherean. Batzuen iritziz legea horren isla izan behar da eta ez dio eliza katolikoari ez duen tokia aitortu behar. Sinesmenen finantziabideak daude eztabaidaren jomugan. Charles Laubier filosoaren iritziz, sinesmen ezberdinak gaur egungo errealitatera egokitu behar dira eta Estatuak legez bideratu behar du hori. «Merkatuak arautu diren bezala, legeak eta arauak molda daitezke erlijioek ere beren baliabide propioak atzeman ditzaten». Egun abantzu 40 milioi dira beren burua katolikotzat dutenak Frantzian. Baina bertze sinesmen batzuek ere indarra hartu dute. 4,5 milioi musulman daude, 800.000 protestante, 700.000 budista eta 600.000 judu.Musulmanek otoitz egiteko 1.500 toki dituzte, katolikoek 40.000 eliza dituztelarik. Haietako 36.000 herrienak dira eta eliza katolikoaren esku uzten dituzte. «Eliza katolikoak France Telecomek telefono konpainia txikiekin egiten duen bezala egin dezake. Dauden baliabideak kristau, judu eta musulmanen artean parteka daitezke alokairu baten truk» dio Laubierrek. «Harremanak gardenagoak lirateke eta bereizketa erabatekoa».

 



-

Bereizketaren zutabe nagusiak





Legeak bi zutabe nagusi ditu, batetik Estatua eta Eliza bereiztea eta bertzetik diru publikorik ez baliatzea sinesmen edo kultur jarduera berezirik laguntzeko. Baina legea egiten duenak zirrikituak atzematen ditu bere irakurketa egiteko eguneroan.

Estatua eta Elizaren arteko bereizketa: Estatuaren eraikinetan ez dago erlijio jakin bati datxekion ikurrik edo ezaugarririk. Estatuak eremu publikoko jarduerak bere gain hartzen ditu, den delako sinesmen oro jardueratik at utziz. Eskolan, adibidez, ez da erlijio eskolarik ematen. Izatekotan erlijioa historia kurtsoetan lantzen da. Deigarria bada ere, 1905eko legeak ez du laikotasunaren aipamenik egiten. Onartutako azken legeak ageriko erlijio ikurrak erabiltzea debekatzen du. Liskarrak ez daude lotuta zuzenean 1905eko legeari, baizik eta geroztik, laikotasunaren izenean, hezkuntza munduan lege horri buruz egin diren interpretazioekin. 1905eko legea laikotasunarekin lotzea, berez, mitoa bat da, aitzineko eta ondorengo gertakari eta legeetan oinarritutakoa.

Diru publikorik ez sinesmenentzat: Estatuak ezin du erlijio edo kultur berezitasun bat diruz lagundu. Erlijio bakoitzak bere diru iturriak atzeman behar ditu. 1901eko legearen bidez, jendeek eta enpresek diruz lagun ditzakete elkarteak. Elizak, kasu honetan, etekinak egin ditzake baina ezin ditu etekin horiek bere partaideen artean banatu. Jendeek bere aldetik, egin duten emaitza zerga aitorpenean sartzen dute eta dagokien apaltzea egiten zaie horrela. Eliza katolikoak, adibidez, urte bukaera ordainagiriak igortzen ditu etxeetara, legeak aitortzen dion zerga apaltzearen berri emanez dirua eman nahi duenari. Bertze maila batean, teorian sinesmen guziak plano berean ezartzen dituen laikotasunak bidezidorrak ditu errealitatean. Izan ere eliza gehienak herrienak dira, katedralak Estatuarenak direlarik. Konponketetako xahutzeak herrien eta Estatuaren gain gelditzen dira. Elizak baliatzen ditu azpiegitura horiek. Bertze bereizketa batzuk egiten ditu legeak. Frantziaren kontrolpean dagoen Guyana herrialdea 1828ko arau baten arabera gobernatzen dute. Guyanako Kontseilu Nagusiak ordaintzen ditu apaiz katolikoak, zuzenean.

Simone Moreels-Baiones Tipien Patronatu Laikoko lehendakaria

«Eskaintza mailatik hasita, errespetuan eta berdintasunean oinarritzen da laikotasuna»





BAIONA

Baiones Tipien Patronatu Laikoa 1911n sortu zen. Eskola publikoko irakasle talde batek osatu zuen, eta hastapenetik gazteen aisialdia ikuspegi laikotik garatzea izan zuten ardatz. Frantzian aisialdi zentro laikoak biltzen dituen Franca izeneko elkarteko kideak dira. Moreels da elkarteko burua.

Zergatik sortu zen Baiones Tipien Patronatu Laikoa?

Gaur egun bezala, 1911n gizarte ezberdintasunak ziren nagusi. Dirudunek haurren eskola eta aisialdia bermatua zuten, baina langileen seme-alabek ez zuten deus. Klase xumeenen haurrei harrera egiteko eta haien aisialdia eta trebakuntza eskutan hartzeko sortu zen elkartea. Definizioz haur guztiei harrera egiten diegu, jatorria, sinesmena edo ahal ekonomikoa kontuan hartu gabe. Ikus daitekeenez, gizarte maila ezberdinen arteko nahasketa bermatzen dugu oinarritik. Hemen denak gara berdinak, eta errespetua da lan ardatza. Errespetu horretan lan eginez, ezberdintasunak onartzen dira, eta horrela ekiditen dira bazterketa eta berrikitan izan ditugun bazter herrietako liskarrak.

Nola bermatzen duzue laikotasuna zuen elkartean?

Oinarrizko ardatza errespetua da, ezberdintasunen errespetua, izan dadin sinesmenean edo kulturan. Hezkuntza xedea argia da, haurrak elkarretaratzea, ezberdintasuna onartu eta elkarrekin eraikitzen ikastea. Ezberdintasunen arteko gurutzatzea bermatuz, denek onartzen duten nortasuna osatzen da, eta horrela eraikitzen da etorkizuna. Denak dira partaide. Eskaintza mailatik hasita, errespetuan etaberdintasunean oinarritzen da laikotasuna.

Eraikin bateratua osaturik, ez ote da berdintasuna eta uniformitatea nahasteko arriskurik?

Egiazko laikotasuna bermatzen bada, elkarrenganako errespetua bermatzen da, eta denek dute tokia eraikin horretan. Preseski ekiditen dena hauxe da, berezitasunean oinarrituta jendartearen parte bat bertzearen kontra ezartzea. Norberekeria bultzatzen bada, gizarte ehuna hausten da. Norabidea bertze bat da, denek aterpetuko dituen etxea eraikitzea, bakoitzaren errespetuan eta ezagutza bermatuz.

Zein dira laikotasunaren balioak?

Aipatu errespetuaz gain, norberaren bilakaeraren erantzule bilakatzea, berdintasunean, aukerak libreki hartuz. Bertze kultura eta sinesmenen ezagutza ere lan daitezke, baina jakintza bezala, sekula ez inposizio gisa.

Laikotasunaren gauzatze nabarmena dago eskolan. Ez ote da laikotasunaren xedea soilik frantses izatearen inguruan errotzen ?

Ezberdintasun guziak barneratzen duen eremua da eskola, denei aukera berak eskaintzen dizkien egitura. Normala da Frantziak frantsesera hartzea eredu gisa eskoletan ere. Bistan da, hastapenean bertze kultura batzuk zangopilatu ziren denen etxe hori eraiki ahal izateko. Baina orain euskarak ere badu tokia eskola horretan. Aldiz, ikastolak, nire iritziz, ez dira eskola laikoak. Pribatuak dira, eta publikotasuna da laikotasunaren ardatz nagusietarikoa.

Zer deritzozu eskoletan erlijio ikur nabarmenak debekatzeko ezarritako legeari?

Erlijioa eremu pribatuko sinesmena da eta ez du zergatik agertu eremu publikoan. Gainera, musulmanen buru-oihalaren kasuan bezala, emaztearen mendekotasuna agertzea du xedea. Berdintasuna bermatzen duen gizartea eraikitzeko tresna da eskola, beraz, horrelakorik ezin da onartu. Bertze gauza bat da legeak zehatz-mehatz dioena. Nire ustez, Frantziako Gobernua ez zen ausartu argiki erratera egin nahi zuena, eta denei eraso dien lege lausoa egin du. Laikotasunak argi izan behar du, bazterketa eta bereizketarik egin gabe. Legeak hori ez badu bermatzen, ez da lege laikoa edo ez du laikotasunaren deus erraterik.

Auzoetan denak ez dira kristauak. Erlijio ikurrak direla eta arazorik izan duzue elkartean?

Gure elkartean ez dugu holako arazorik. Eskolatik at erlijio ikurrak baliatu nahi dituztenak ez dira elkarte laiko batera jiten. Aisialdia haur guztiei bermatu behar diegu eta onartezina litzateke emaztea gutxiesten duen ikurrik onartzea gurean. Gizon eta emazteen arteko berdintasun eredua bermatzea ere laikotasunaren osagarria da.

Laikotasunaren zeharkako eragozpenak





Laikotasunaren Legearen ondorioz, Estatuak edo erakunde publikoek ezin dute diruz lagundu sinesmen edo kultura jakin bateko kideen xederik. Alta, Euskal Herrian zeharkako arazoak sortzen ditu horrek. Ikastolek eta Frantziako Gobernuak hitzarmen berezi bat egin behar zuten irakasleen ordainketa bermatzeko. Baina eraikuntzen arazoa hor dago. Legez, Herriko Etxeak ezin ditu eskola pribatu baten eraikuntza lanak lagundu. Seaskako ikastetxeak eraikitzeko dirua Herri Urratsetik heldu dira, ez Estatutik. Laikotasunak bertze interpretazio bat ere ukan dezake, Estatuak alokairu sinboliko baten truk diskriminazio positiboa egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.