Azaroko bigarren astearen hasieran zerbait hautsi zen euskal herritar ugariren barrenean. Mendebaldeko Saharatik albisteak zetozen. Heriotza, atxiloketa eta desagerpen albisteak. Aaiunen, sahararrei jazarri egin zitzaien, berriro ere, Maroko herrialde okupatzailea. Aparteko oihartzuna lortu zuten egun horietako albisteek, euskal gizartean arrunt errotuta dagoelakoherri sahararrekiko elkartasun sentimendua. Hitzetatik harago, ekintzetan ugariak dira Mendebaldeko Sahararekiko elkartasun taldeak. Dirua eta lehengaiak biltzen dituzte, haien borrokaren berri ematen dute eta, uda sasoian, hango ehunka-neska-mutili harrera egiten diete, basamortuko bero makurra atzean laga eta hemengo udaz goza dezaten. Nolanahi ere, egiten den guztia gutxi da.Beti dago amildegi bat aurrean.
Gurutze Irizarrek (1951, Ormaiztegi, Gipuzkoa) ondo daki hori. Iltzatuta dauka, bihotzean, Mendebaldeko Sahara. Fronte Polisarioko buruzagi Mohamed Salemekin ezkonduta egon zen, eta harreman sendoa du sahararrekin.1975ean, Espainiak kolonia hura bazter utzi zuenean, Marokok nola okupatu zuen ikusi zuen, sahararrei nola jazarri zitzaizkien, ihesean nola banatu ziren, eta ondorengo urteetako gerran zenbat sufritu zuten.«Sahararrak gutxi ziren eta, gainera, ez zuten armarik. Marokoarrak, berriz, asko eta ondo armatuak». Egun, batez ere Sahara okupatuan bizi diren sahararren egoerak kezkatzen du. «Kanpalekuetakoak kanpalekuetan daude, baina aske dira; Sahara okupatuan daudenak, berriz, Marokoren esku daude». Gertutik jarraitzen du hango errealitatea. «Ezintasunez eta amorruz» jaso ditu igaro asteotako albisteak. Nahi eta ezinetik mintzo da elkartasunari buruz. «Arazoa politikoa bada, elkartasun material hutsarekin eta udan haurrak ekartzearekin, ez dugu nahikoa egiten, nahiz eta horiek ere beharrezkoak izan».
Antxel Astiazaran (1958, Zestoa, Gipuzkoa) Mendebaldeko Saharako kanpalekuetan harrapatu zuten azaroko jazoerek. Hotzikaraz oroitzen ditu hark ere. «Gazteek frontera joan nahi zuten, gerrara. Aspaldian ez nuen halako girorik sentitzen». 17 urte daramatza Mendebaldeko Sahararekin harreman estuan. Nahi baino gutxiago egiten duela sentitzen du sarri berak ere. «Gu hara joan, hamar egun egin, eta itzuli egiten gara. Baina haiek han gelditzen dira, urik, janaririk eta argirik gabe».
Umeekin
Zestoan (Gipuzkoa) ume sahararrei harrera egiteko programaklantzen hasi zen Astiazaran, eta elikagaiak biltzen. Ondo oroitzen ditu egindako lehen urratsak. «Lehenengo urtean, 1995ean, sei ume ekarri genituen». Zestoa Saharako herri batekin senidetuta dago, eta bertara jo zuten. «Hango alkateak esaten zuen Saharak enbaxadore asko behar zituela mundu osoan, bestela beraien egoera asko kaskartuko zela, eta umeak zirela haien enbaxadoreak. Urtero milaka haur mundura bidalita, milaka enbaxadore izango zituztela».
Wadna elkartearen bidez egiten dute haurrak ekarri eta haiei harrera egiteko lana. Astiazaranen etxean jada zenbait ume hartu dituzte: «Lau izan ditugu». Bizipen politak izan dituzte. Gogorrak ere bai. «Ez da erraza izaten, ume bat hona etortzen denean, zazpi urterekin, ez duelako ezagutzen zer den igogailu bat, baina ezta eskailera bat ere. Beldur izaten dira, eta gogorra da hasieran». Neska-mutil horien familiak ere ezagutu dituzte gero han, Mendebaldeko Saharara bisitan joanda. «Zoragarria da, familiako parte modura hartu gaituztelako».
Denborarekin, elkartasun ekintza gehiago ere hasi dituzte sahararren alde. «Orain dela bost urte hasi ginen baratzak eraikitzen, eta nekazaritzari buruzko ikasketak ematen». Basamortu idorrean deus landatzea ameskeria iruditzen zitzaion hasiera batean Antxel Astiazarani; behin, ordea, Fronte Polisarioko kideek esplikatu zioten ur ponpen bidez desertuko lurra loratzeko modua bazela. Saiatzen hastea erabaki zuten, eta aski emankorra den proiektu bat jarri zuten martxan. «Aurten, gure helburua 40.000-50.000 kilo barazki ateratzea da. Eta guk bost-sei lagunen artean hori egiten badugu, erakundeek zer egin dezakete?». Bide horretan sakontzea ezinbestekoa dela dio. «Janari karabana oso ondo dago, baina janari hori astebetean amaitu egiten da». Baratzen egitasmoa aurrera eramateko, Tebal elkartea sortu zuten.
Egindako lanak fruituak ematen dituela uste du Antxel Astiazaranek. «Saharan Euskal Herriari begirunez begiratzen zaio, Espainiari edo Frantziari baino gehiago. Laguntza handia eman izan dio Euskal Herriak saharar herriari, baina baita instituzionalki ere». Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohiaren izena aipatu du, esaterako, positiboki. PSE-EEk agintea hartu duenetik, ordea, aldea igarri du. Txarrera. «Jaurlaritzak laguntza asko kendu ditu», dio. «Lehen, harremana askoz ere zuzenagoa zen. Gaur egun, alferrik da; ez dugu laguntzarik, ez guk ez beste inork». Gurutze Irizarrentzat, ez da ezustekoa izan jarrera aldaketa hori. «Jaurlaritza PSOEkoa da, eta normala da laguntzak jaistea. Azken batean, marokoarren lagunak dira».
Begoña Garde (1965, Lizarra, Nafarroa) Donostian bizi da. Hamahiruurte daramatza uda sasoian etxean ume sahararrak hartzen. «Eskolan diptiko batzuk ikusi eta halaxe animatu nintzen; uda bateko kontu gisara hasi zen, eta hara». Otsailak 27 elkartean dihardu. Donostiako Udalaren partetik, elkarlana erabatekoa dela dio, emankorra. «Suerte handia dugu». Umeekiko esperientzia bikaina dela dio. «Lehenengo unetik maite dituzu; halako premia handiarekin datoz».
Sorterrian duten behar gorririk gabeko uda eskaintzen diete bertako sendiek. «Bizitza normala zer den ikusi behar dute». Erosotasuna zer den ezagutzen dute neska-mutilek: ura iturrian jori nola irteten den, teknologiaz betetako etxeak nolakoak diren, igerilekuetan nola igeri egin daitekeen... Aita-amen etxea, ordea, ez dute ahazten. Hunkitu egiten du horrek Garde. «Denek itzuli nahi izaten dute».
21 eta 13 urteko alabak ditu Begoña Gardek, eta Saharan dute haiek ere bihotzaren zati bat. Zaharrenak, esate baterako, uda honetan propio haur sahararrentzat antolatutako udaleku batean jardun du, Brinkolan (Legazpi, Gipuzkoa). «Urtero joaten gara Mendebaldeko Saharara familiako kideak, batera edo banatuta». Ezin dute ahaztu. Etxean edukitako lehendabiziko umeak helduak dira gaur egun. «Lehenengo izan genuenak, esaterako, 22 urte ditu; berriki jardun dut berekin telefonoz. Maitasuna da elkarrengana sentitzen duguna, familiakoa bezala; etxea haien argazkiz josita dago».
Gerraren bidea
Gerrarako borondatea ikusi du, azken jazoeren harira, hainbat sahararren artean Antxel Astiazaranek. Tamalez, ulertzen du. «Irtenbide zaila dute, ez dute besterik. Askotan esaten dute: 'Hilda gaude. Zer daukagu galtzeko?'».
Biderik etsienaren aldeko hautua ulertzen du Jesus Garaik ere (1956, Valladolid, Espainia). Sahararen Lagunen Elkarteko presidentea da egun, eta urte asko daramatza Mendebaldeko Sahararekiko elkartasun ekintzak sustatzen. «Zer erantzun espero daiteke? Normalena gerra ekintza bati gerra ekintza batekin erantzutea litzateke». Ataka zail honetara, gainera, Fronte Polisarioa Marokok berak bultzatu duela uste du. «Azken batean, badaki Polisarioak armak hartu eta gerrarako hautua egiten badu, nazioarteak, edo Mendebaldeko herrialdeek behintzat, terroristatzat jota laguntza kenduko diotela. Maniobra perfektua da». Giro ozpindu horretan, geratzen zaio baikortasun izpi bat. «Konfiantza osoa dut Polisarioan, beti oso ondo eta garbi jokatu duelako. Momentu zailean dago, baina jakingo du».
Gurutze Irizarrek ere argi dauka: «Borrokaren bidea hor dago». Hautu zaila dela inork baino hobeto daki: «Zaharrok gerra ezagutu dugu, eta Polisarioak herria gerrara eramateko ondo pentsatu behar du». Oroimenean bizi-bizi ditu Fronte Polisarioaren eta Marokoren arteko gatazkan,1975-1991. urteetan, Tindufen (Aljeria) bizitako hainbat gerra ekintza.Min emateko moduan gogoratzen ditu. «Bizirik irautea zen. Ikusten duzunean jende piloa hilda, eta pertsona zatiak zakuetan gorde dituzunean, ez daukazu ia astirik pentsatzeko».
1980ko hamarkadan murgildu zen Jesus Garai (Valladolid, Espainia, 1956) Sahararen aldeko elkartasunean. «Garai hartan, saharar herria gerran zegoen, gerra garbian Marokorekin. Eta elkartasun mugimendua ikuspegi politikotik abiatu zen». Apurka-apurka, laguntza beste eremu batzuetara ere zabaltzea garrantzitsua zela ikusi zuten. «Aldarrikapen politikoak alde batera utzi gabe, lankidetza proiektuak landu behar zirela ikusi genuen».
Etxe barruan lagundu ditu JesusGaraik sahararrak. Batez ere, komunikazioaren eremuan aurrera egiteko tresnak eman dizkie. «Kanpalekuetan, esaterako, irrati nazionala sortzen lagundu nien, telebista, Sahara Libre komunikazio proiektua. Alde horretatik, nabarmentzekoa da hemengo zenbait irratik eman izan diguten laguntza; Hala Bedi irratiak, adibidez», azaldu du.
Mendebaldeko Saharan laguntza hori guztia esker onez jasotzen dutela uste du. «Euskal Herria berotasunarekin, elkartasunarekin eta hurbiltasunarekin lotzen dute sahararrek. Guk, agian, hutsune batzuk ikus ditzakegu une batzuetan elkartasun mugimendu horretan, baina han asko eskertzen dute».
Politikaren bidetik
Gurutze Irizarrek, elkartasunean sakontzeko, ezinbestekotzat dauka Mendebaldeko Saharako auzi politikoa konpontzeko urratsak egitea. «Arazo politikoa konpontzen laguntzen ez badugu, nik uste dut gure laguntza eskas samarra dela». Argi dauka.«Gure politikariak astindu behar ditugu». Pentsatzen du azken asteotan gaiak lortu duen oihartzuna baliatu egin behar dela. «Sahara berriro lehen planoan dago, eta orain ez dago atzera bueltarik. Ez dakit gerra hasiko den ala ez, baina honek mugitu beharra dauka». Mendebaldeko Saharan bertan herritarren prestakuntza, garai batekoarekin alderatuz, hobea dela dio: «Herria askoz ere prestatuago dago. Gazteek ikasi egiten dute, batez ere kanpalekuetan daudenek. Aldaketak egon dira».
Ezin konfiantza handirik izan, ordea. Maiz, maizegi sentitu du behar adinako jaramonik ez zaiola egiten Mendebaldeko Saharako auziari. «Isilik eta baketsu dagoen herri bat ahaztu egiten dute. Horrek amorrazioa sorrarazten du, orain sahararrak gerrara joaten badirahaien aurkako ahotsak altxatuko direlako. Baina zer irtenbide utzi zaie?». Espainiako Gobernuarekin eta hedabideekin oso kritikoa da. «Inposatutako isiltasuna egon da orain arte. Espainian komunikabideek inposatzen dute, gobernuaren aginduz».
«Informazioa, informazioa, informazioa». Begoña Gardek ere argi dauka Mendebaldeko Saharako auzia konpontzekoezinbestekoa dela hori. «Jende askok ez daki zer gertatzen ari den ere...Baina ez da harritzekoa, oso gutxi hitz egiten da auziaz». Bihotza uzkurtu zaio berari ere azken asteotan Mendebaldeko Saharatik heldu diren albisteekin. Haserretu ere egin da. «Espainiako Gobernua, hain isilik». Harreman zuzena du sahararrekin, eta lekutasun lazgarriak jaso dituztela dio. «Kontatu diguten dena sinesten dut, okupatutako Saharan bizi direnen egoera bereziki larria da».
MENDEBALDEKO SAHARA. EUSKAL HERRITARREN BEGIETATIK. Basamortuko herri laguna
Oparoa da Euskal Herrian Mendebaldeko Sahararekiko elkartasun mugimendua; nahi eta ezinean dihardu, ordea, sahararrak kinka estuan daudelako eta Euskal Herrian instituzioen laguntza urritu egin delako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu