Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko presidente eta UPNko buruak tarteka ematen ditu ezusteak, eta gaur eman du horietako bat: Mendebaldeko Sahararen autodeterminazioaren alde azaldu da jendaurrean. Mohamed Abdelaziz Fronte Polisarioko buru eta SEAD Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko presidentearekin bildu da, Iruñean, eta orduan agertu du bere iritzia.
Mendebaldeko Sahara "herri librea izan dadin, horretarako bere eskubideak erabil ditzan" Espainiako Estatuan eragiten saiatuko duela adierazi du Sanzek. Herrialde hura Marokoren aldetik "zapalduta eta ukatua" dagoela esan du Nafarroako Gobernuko presidenteak.
Yolanda Barcina (UPN) Iruñeko alkatearekin eta Elena Torres (PSN) Nafarroako Parlamentuko presidentearekin ere bildu da Abdelaziz.
1975eko azarora arte Espainiako Estatuko probintzia izan zen Mendebaldeko Sahara. 1975eko urriaren 16an Nazio Batuen Erakundeko (NBE) Nazioarteko Justizia Auzitegiak Saharako herriari autodeterminazio eskubidea onartu zion. Hala ere, urte hartako azaroaren 6an Martxa berdea-ri ekin zion Marokok, eta 350.000 herritar eta 25.000 soldadu bidali zituen inbaditzera. Astebeteko liskarren ostean, Madrilen akordioa onartu zuten: Espainiak Sahararen zati bat Marokori eman zion eta beste bat Mauritaniari -hau 1979an erretiratu egin zen-.
Otsailaren 23an Mendebaldeko Sahararen autodeterminazio eskubidea berretsi zuen NBEk.
Politika
Mendebaldeko Sahararen autodeterminazioaren alde azaldu da Miguel Sanz
"Herri librea izateko bere eskubideak erabiltzeko" Espainiako Estatuan lan egingo duela hitz eman du Nafarroako Gobernuko presidenteak gaur. 1975eko azarora arte Espainiako Estatuko probintzia izan zen. Mohamed Abdelaziz SEAD Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko burua hartu du Sanzek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu