Mendekotasun Legea zentralizatu nahi du Madrilek

Espainiako Gobernuak lege «bideragarriagoa» egiteko asmoa agertu du; murrizketak egiteko bidea dela dio Zabaletak

Erredakzioa
2012ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Mendekotasunaren Lege «bideragarri eta iraunkorra» egin nahi du Espainiako Gobernuak. Hala esan du Ana Mato Espainiako Osasun ministroak. «Legea egoera ekonomikoarekiko independentea izango da». Zerbitzuak zentralizatu egin nahi dituzte: «Irizpide eta oinarrizko zerbitzu komunak ezarriko ditugu, Espainia guztian kalitate bereko zerbitzuak izatea bermatzeko». Bi hilabeteko epea jarri du legea aztertzeko. Murrizketak izan daitezkeelakoan, kezka agertu Eusko Jaurlaritzak: «Krisiak ezin du aitzakia izan eskubide sozialak murrizteko», salatu du Gizarte Gaietako sailburu Gemma Zabaletak.

Madrilgo gobernuak Mendekotasun Legearen garapena atzeratu egin zuen urtarrilean. Legeak agindutako laguntza jaso gabe geratu ziren 16.460 ezindu Hego Euskal Herrian. Ordea, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako diputazioek eta Nafarroako Gobernuak legearen garapenari eustea erabaki zuten, eta laguntzak ematea.

Espainiako Gobernuak orain eztabaida bat hasi nahi du legeari berari buruz. Autonomia erkidegoetako ordezkariekin bildu zen atzo Mato ministroa. Zerbitzu sozialei eta mendekotasunari buruzko akordioak egitea proposatu die gobernuak autonomia erkidegoei: egungo legea «aztertzea eta hobetzea».Zabaletak adierazi duenez, akordioak egiteko prest dago Jaurlaritza —«beharrezkoa da legea aztertzea eta hura hobetzeko neurriak adostea»—, baina hainbat puntutan ez dator bat gobernuarekin, haren helburua murrizketak egitea delakoan.

«Borondate politikoa»

Gobernuak aurkeztu duen txostenaren arabera, «desoreka handiak» ditu Mendekotasun Legeak, erkidego guztiek ez dutelako berdin garatu. Zabaletak bat egin du horrekin: «Borondate politikoa behar da legea garatzeko. Batzuek izan dute, eta besteek, ez».

Legearen finantzaketa aztertu nahi du Espainiako Gobernuak, eta beste bide batzuk bilatu behar direla esan du. Hori egiteko eskatu du Zabaletak ere, baina zerbitzuak ez murrizteko: «Eskubideak murriztea ez da konponbidea». Gobernuak zentralizazioaren alde egin duen apustua txartzat jo du Jaurlaritzako sailburuak. Adierazi du autonomia erkidegoen eskumenak defendatuko dituela, eta zentralizatzeko ahaleginen aurka egingo duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.