Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak berretsi du urak bere onera ekarri dituztela bi aldeek. Izan ere, Gorka Urtaranen gobernuari "egonkortasuna" emango diotela iragarri du. Hala ere, ez dute erabaki gobernuan sartuko diren.
Gasteizko Udalaren zein Arabako Diputazioaren gobernuei buruzko negoziazioak aldi berean egingo dituzte EAJrekin. Alta, ukatu egin du erakunde horietako babesa Eusko Legebiltzarreraino hedatzeko asmoa dutela.
Gorka Urtaran Gasteizko alkatea baikor da sozialistak udal gobernuan sartzeko aukerarekin. Gasteizko Udaleko lehen gobernu batzarraren ostean adierazi du EAJ eta PSEren arteko harremana «ona» dela, eta ateak irekita utzi dizkio PSEri koalizio gobernua osatzeko. Nolanahi ere, sozialistekin gobernu akordioa lortzea ez da oztopo izango gainerako alderdiekin ados jartzeko, haren esanetan. Hala, gaur bilera erronda hasiko du Urtaranek alderdi guztiekin, «egonkortasuna» bilatzeko. Gasteizko PSEko zinegotzi Peio Lopez de Munainek, berriz, esan du PSEk «erantzukizunez» jokatuko duela eta bi alderdien arteko egoerari buelta emateko «ahaleginak» egingo dituela.
Egoera, bideratuta
Atzo bertan prest agertu ziren bi alderdiak sortutako gorabeherak konpondu eta egoera bideratzeko. Larunbatean Andoaingo (Gipuzkoa) eta Gasteizko Udalen osaketetan gertatutakoak EAJren eta PSEren arteko harremanak tenkatu zituen, eta airean gelditu zen bi aldeek EAEko udal eta batzar nagusietarako hitzartutako akordioa. Atzo, ordea, itun horren aldeko apustua berretsi zuten EAJk eta PSEk.
EAJko eta PSEko zuzendaritzek sortutako egoera aztertzeko bilera egin zuten, bakoitzak bere aldetik. Bileraren ostean, PSEk ohar batean jakinarazi zuen «aho batez» onartzen zuela akordioari eustea: «Itun horrek krisialdia gainditu eta hazkundea eta ongizatea handitzeko balio du, eta, beraz, ezin dugu aukera hori pasatzen utzi». EAJrekin duten itunari eutsi arren, sozialistek uste dute «oso larria» izan dela Andoainen gertatutakoa, EAJk akordioa hautsi duelako. Sozialisten ustez, jeltzaleek bizkarra eman diote erabaki horrekin Andoaingo bizilagunek adierazitako aldaketa nahiari, eta ateak itxi dizkiote «udal mailako kudeaketa eraginkor bati».
EAJk ez zuen bileraren berri eman atzo, baina goizean Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidenteak esan zuen ez zuela zalantzarik Andoainen eta Gasteizen gertatutakoak ez duela hautsiko bi alderdiek hitzartutakoa. Ortuzar ziur da udalen osaketetan egondako «gorabehera txikiak» gainditu eta aurrera egingo duela EAJren eta PSEren arteko itunak. Onartu egin du EAJk «huts egin» zuela Andoainen, eta ulertzen du PSEren haserrea, bana «neurriz kanpokoa» iruditu zaio Gasteizen PSEk hartutako jarrera.
Udalbatzen osaketan gertatutakoari garrantzia kendu dio, halaber, Iñigo Urkullu lehendakariak, eta egoera «bideratu» daiteekeela esan du. Bere iritziz, gorabehera horiek ez die eragin behar EAJren eta PSEren arteko konpromisoei, eta elkarren arteko konfiantza berreskuratu beharko lukete bi aldeek, baita Gasteizen elkarrekin gobernatzeko ere. Areago, udaletarako eta batzar nagusietarako sinatutako ituna «bakegintzara, elkarbizitzara eta autogobernura» zabaltzearen alde agertu da Urkullu.
Bestalde, Gasteizen gertatutakoagatik oso haserre jarraitzen du PPk, eta asaldura hori Madrilera iritsi da. Han izan da Javier Maroto Gasteizko alkate ohia, Alfonso Alonso Osasun ministroarekin. «Gasteizkoa Bilduren garaipena izan da», salatu du Alonsok. Maroto, berriz, Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiari zuzendu zaio: «Bilduren babesa izan duen gobernu batean sartuko al da PSE Gasteizen; bai ala ez?». Segituan erantzun dio PSOEko buruak: agindutakoa betetzen ari direla esan du, eta PPri «barkamena» eskatzeko eskatu dio Bildurekin ituna egin dutela esateagatik.