Mendigorriko haurren gurasoek (Nafarroa) eta Hizkuntza Eskubideen Behatokiak helegitea aurkeztu dute Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusian, Nafarroako Gobernuaren erabakiaren aurka. Haien seme-alabek D ereduan herrian bertan ikasteko duten eskubidea bermatu nahi izan dute horrela. Lehenago ere Hezkuntza Departamentuan aurkeztu zuten helegitea, baina erantzuna ezezkoa izan da.
Hezkuntza Departamentuak dioenez, Mendigorriko zentroari ez dagokio D eredurik, baina gurasoak eta Behatokia ez daude irizpide horrekin ados, eta argudiatzen dute dekretuan ezarritako mapak ezin duela oztopo izan Foru Legean ezarritakoa betetzeko; hau da, eskaria egonez gero, eremu mistoan euskarazko lerroak zabaldu behar direla.
Bide judizialera jotzeak gastu ekonomikoak ekarriko dituela-eta, kanpaina abiarazi dute Mendigorriko gurasoek herritarren laguntza lortzeko.