Mendia

Mendizale bilbotarrak ere onik aurkitu dituzte Huescako Pirinioan

Huescako Pirinioan galduta zeuden hiru mendizale bilbotarrak onik aurkitu dituzte, Ozako oihanaren inguruan. Guardia Zibilak aurkitu ditu, Zurizarako bidean zirela. Hirurak onik daude, eta Tortiellako aterpean egon direla azaldu dute. Halaber, gaur goizean beren kabuz autoa utzitako lekura onik iristea lortu dute atzo Aralarren galdutako hiru mendizale nafarrek.

2005eko azaroaren 28a
16:21
Entzun
Atzo Aralarren galdu ziren hiru mendizale nafarrek beren kabuz lortu dute Guardetxera, autoa utzi zuten lekura, iristea. Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, Barañaingo hiru bizilagunak ekaitz baten eta lainoaren ondorioz galdu ziren, eta, badaezpada, gaua borda batean igarotzea erabaki zuten. Nolanahi ere, zeuden parajean ez zuten sakeleko telefonoa erabiltzeko modurik izan. Gaur goizean, eguna argitzean, non zeuden jabetu eta ordu eta erdian egin ahal izan dute autoa zeukaten lekurainoko bidea. Bitartean, erreskate taldeek Huescako Pirinioetan galduta dabiltzan hiru mendizale bilbotarren bila jarraitzen dute.

Barañaingo Jose Maria F. 37 urtekoa, Jose Antonio C. 32koa eta Ignacio E. 19koa, atzo abiatu ziren Aralarren mendi itzuli bat egitera, autoa Guardetxean utzita. Nafarroako Gobernuak agertu duenez, elurretarako behar bezalako ekipamendua zeramaten hirurek, eta, halaber, elurretarako raketak jantzi zituzten oinetan. Ibilbidea egiten ari zirela, ordea, ekaitz baten eta lainoaren ondorioz, bidearen arrastoa galdu zuten. Galduta zeudela eta, gaua borda batean igarotzea erabaki zuten, baina leku hartatik ez zuten sakeleko telefonorik erabiltzerik izan bere berri norbaiti emateko.

Ondorioz, atzo gauean agertu ez zirenean, 22:20 aldera, galdutako hiru mendizaleen senideek larrialdi zerbitzuetara hots egin zuten, abisua emateko. Hori dela eta, gaur goizean goizetik Suhiltzaileen Patzuergoko eta Guardia Zibileko erreskate taldeek bilaketari ekin diote.

Baina, azkenean, eguna argitzean, haien laguntzarik gabe lortu dute hiru mendizaleek bidea aurkitu eta autoa zegoen lekura iristea. Onik daude hirurak.

Huescako (Aragoi, Espainia) Pirinioetan galdutako hiru mendizale bilbotarrak, ere azaldu dira.Guardia Zibilak aurkitu ditu Infernua barrankoti gertu. Hirurak onik daude, eta Zurizara itzultzea saiatzen arin ziren aurkitu zituztenean.

Ostiralean atera ziren, Huescako Anso haraneko Zurizako kanpinetik. Handik Acherito mendira joateko asmoa zutela agertu zioten ezagun bati egun hartan. Atzo gauean, ordea, Bilbora ez zirela itzultzen-eta, larrialdi abisua eman zuten senitartekoek. Senideen arabera, mendian asko ibiltzen dira lagun horiek, esperientzia handia dute, eta iaioak dira jardun horretan. Horregatik, aterberen batean babestuta egon daitezkeela uste dut, baina hipotermiak jota egon daitezkeen beldur dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.