Atzo gertatu zen Manaslu mendian istripua, Himalaian, Nepalen. Hamabost mendizale nafar trekking egiten ari ziren lau xerpak lagunduta, lurra eta harriak gainera erori zitzaizkienean. Hemeretzi lagunak harrapatu zituen lur jauziak, eta hiru hil zituen: Adolfo Ripa Arizala iruindarra eta bi xerpa. Thehimalayantimes.com eta Nepalitimes.com hango atari digitalek diote lau lagun hil direla, xerpak direla hiru eta atzerritarra dela bat. Horien arabera, Tsering Sherpa, Dorje Lama eta Ranjana Basnet lirateke hildako hiru xerpak.
Nafarroako Gobernuaren azken datuen arabera, hamar mendizale nafar zaurituta daude, eta helikopteroz Katmanduko ospitalean jarraitzen dute. Zortzik ospitalean jarraitzen dute: Horietako batek zenbait haustura ditu zangoetan; beste batek, haustura bat beso batean, eta beste sei zaurituek, askotariko kontusioak, baina inork ez du arrisku larririk. Espedizioko gainerako kideak ere Katmandun dira.
Zazpi emakumezko eta zazpi gizonezko ari ziren trekkinga egiten, Naturtrek agentziako Pitxi Egillor arduradunarekin. Aurreko astean joan ziren eta urriaren 7an ziren itzultzekoak. Euskalerria irratiaren arabera, mendizaleen artean Amaia Lasa irratiko lankidea eta Karrikiri dendako Edurne Arrizibita daude. Nafarroako Gobernutik jakitera eman du biak onik daudela.
Nafarroako Gobernuak gaur goizean izan du ezbeharraren berri. Nafarroako Babes Zibilerako Zerbitzua mendizale nafarrekin jarri da harremanetan, eta Espainiako Atzerri Ministerioarekin eta Naturtrek agentziarekin lanean da. Riparen senideekin ere harremanetan jarri da Nafarroako Gobernua, eta gainontzeko mendizaleen senidentzat (0034)848425601telefono zenbakia jarri du eskura informazioa lehen eskutik jaso ahal izan dezaten.