Araban jarraipen handia izaten ari da gaurko greba deialdia. Enpresa handienetako datuak eman dituzte dagoeneko sindikatuek: Mercedesen beharginen %90ek egin dute bat protestarekin, eta Michelinen, %70ek. Arabako patronalak eman ditu datuak: herrialdeko langileen %65,6k egin du greba. Jaurlaritzaren datuak, alorrez alor: industrian %57, garraioan %56, komertzioan %41 eta zerbitzuetan %32.
Gasteizen istiluak izan dira piketeetako kideen eta ertzainen artean. Autobusen egoitzan lau pertsona atzeman dituzte, eta EHUren campusean, hiru. Gutxieneko zerbitzuak normal betetzen ari dira. Polizia oldartu egin da piketeen aurka Gasteizen, El Corte Ingles inguruan.
Araia inguruan ere handia da jarraipena. Ertzaintzak sei lagun gutxienez identifikatu ditu. Gainera, Aiaraldea.com webguneko kide bati kamera kendu dio, eta bideoak ezabatu.