Autobusak heldu bezain laster, algara, negar eta besarkadaz bete zen atzo Indautxuko Jesuiten ikastetxeko jolastokia. Udaro legez, Gorabidek, adimen urritasuna duten pertsonen aldeko Bizkaiko elkarteak, oporraldi programa antolatu du aurten ere, eta lehen bost txandetan parte hartu duten 140 pertsonak Bilbora itzuli dira jadanik. Egindako lagunak agurtu eta senideei bizi izandako guztia kontatzeko ordua heldu zaie. Abuztuan, beste 11 taldetan banatutako 300 lagunek bidaiatuko dute Bizkai, Gipuzkoa, Nafarroa, Huesca, Asturias edo Errioxara (Espainia).
Ainhoa Perezentzat ez da hamabost eguneko egonaldietara joan den lehen aldia. «Askotan joan naiz; ohituta nago». Pozik joaten da, egonaldiek lagun berriak egiteko parada ematen baitiote. «Lizarran, Garesen eta Kantabrian egon naiz. Aurten, Irunera joan gara». Oporraldian leku ugari bisitatu dituztela azaldu du Perezek. «Hondarribia gustatu zait gehien». Sara Lebrato ere Irunen izan da, baina boluntario gisa. «Sei edo zazpi urte» daramatza zaintzaile lanetan; honezkero, erabiltzaile «ia guztiak» ezagutzen ditu. «Ematen diezun maitasun guztia ehun aldiz biderkaturik itzultzen dizute».
«Psikikoki aktiboago»
Paco Gonzalezek hainbat urtez parte hartu du Gorabidek antolatutako oporretan; haren arreba Monica Gonzalezek azaldu du neba «psikikoki askoz aktiboago» egoten dela oporralditik itzultzen denean. «Gainera, oso lasai gelditzen gara, badakigulako pertsona arduratsuekin dagoela». Bestalde, neba egonaldian dagoen hamabost egunetan «atseden» har dezaketela esan du Puri Gonzalezek, Pacoren beste arrebak. «Dena oso ondo antolatuta dago».
Merezitako oporren bueltan
Udaro legez, adimen urritasuna duten pertsonentzako oporraldiak antolatu ditu Gorabide elkarteak. Lehen bost txandetan parte hartu dutenak etxera itzuli dira jadanik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu