Koldo Azkoitia Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Antolaketa eta Sustapenerako diputatuak eta Kote Olaizola Lur eta Garraio zuzendariak atzo zehaztu zutenez, Gipuzkoako errealitatea oinarri hartuta ateratako informazioa da. 18 ibilbide aztertu dituzte: hiru udalerrietakoak, zortzi eskualdeetakoak eta zazpi eskualdeen artekoak. «Eusko Jaurlaritzak mugikortasunari buruz 2003an egindako azterketa hartu dugu oinarri».Denbora eta kostua. Bi datu horiek batuta Foru Aldundiak ateratako ondorioa deigarria da: «Erabiltzaileak bere gain hartzen duen kostuari dagokionez, joan-etorria autoz eginda 11 ordu aurrezten dira urtero, eta autobusez, berriz, 1.552 euro. Autobuseko ordu bat saihesteko 140 euro ordaintzeko prest daude gidariak».
Datuek ez dute errealitate guztia islatzen
Distantzia handituta datuak are argigarriagoak dira: «Distantzia zenbat eta handiagoa izan, garraio publikoa orduan eta merkexeagoa da, eta autobusaren aldean autoarekin aurrezten den denbora txikiagoa». Baina datuek ez dute errealitate guztia islatzen. Lanera joateko garraio publiko bat baino gehiago hartu beharra Eusko Jaurlaritzaren 2003ko azterketaren arabera %6 ziren, garraio publikoa eta autoa hartu beharra Jaurlaritzaren azterketan, %1, geltokian autobusaren edo trenaren zain egon beharra... Errealitate horiek guztiek ez dute lekurik datuetan. Adibide modura, Andoaindik Zarautza joateko, autoz ordu erdi inguru behar da. Trenez ordubete, gutxienez. Joan-etorria egiten, beraz, autoan ordubete eta trenean bi ordu. Kostua altuagoa izanik ere, egunean ordubete aurrezten da. Urteak 365 egun izaki, Foru Aldundiak zehaztutako 11 orduak baino askoz gehiago. Baina hipotesi horiek ez, beste batzuk hartzen ditu aintzat. «Lanegunetan garraio pribatua erabiltzen duenak batez besteko diru sarreren %14 gastatzen du; garraio publikoa erabiltzen duenak, berriz, %4-6». Foru Aldundiaren mezua argia da: «Garraio publikoa gehiago erabili behar da». Nola, ordea? Zergatik ez da erabiltzen? Bidea zein den azaldu du Azkoitiak. «Garraio publikoaren distantzia-denbora bikoa hobetu behar dugu. Txartel bateratua eta eskualdeen arteko zerbitzu metropolitar azkarrak sortu... 2006an egingo dugu».
Olaizolak herritarren borondatea eskatu du. «Mugikortasunaren inguruko arazoa erabat konpontzea ezinezkoa da, baina denon artean aurkitu behar diogu irtenbidea». Garraio publikoa hobetzeak, ziurrenik, berekin ekarriko du erabileran hazkundea. Jaurlaritzaren 2003ko datuek salatzen dute, ordea, egoera kezkagarria dela. Gipuzkoan garraio publikoarekin 7 kilometro egiten dira batez beste, eta 44,8 minutu behar dira distantzia hori egiteko.
Datua
48,5
Gipuzkoan 48,5 leku eskaintzen dira orduro garraio publikoan mila biztanleko: 38 trenean eta 10,5 autobusean. Hala dio Eusko Jaurlaritzak mugikortasunari buruz 2003an egin zuen txostenak. Bizkaian 110ekoa da eta Araban, berriz, 35,3koa.
Oinez: Txostenaren arabera, Gipuzkoan oinez egiten dira eguneroko lekualdatzeen %46; ibilgailu pribatuetan %38; garraio publikoan %10; eta beste garraio mota batzuetan %6.
Ibilgailu pribatuak: Gipuzkoan hazi egin da ibilgailu pribatuen erabilera: %37 zen 1998an eta %39 2002an. Jaitsi egin da, ordea, garraio publikoa: %12 zen 1998an eta %10 2002an.
Autoak: Mila herritarreko 402 auto zeuden 2003an, ia auto bat bi herritarreko.