alemania

Merkelek liberalei leporatu die Renaniako hauteskundeen porrota

Angela Merkel kantzilerrari Alemaniako Gobernuan liberalekin egindako koalizioa garestiegi atera zaio Renaniako bozetan. Ipar-Westfaliako Gobernua eta Burdesrat goi ganberako gehiengoa galdu dituzte.

2010eko maiatzaren 10a
19:12
Entzun
Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak liberalei leporatu die Renaniako Gobernua eta Bundesrat Alemaniako Legebiltzarreko goi ganberako gehiengoa galdu izana, eta gobernukideei jakinarazi die ez dela beherapen fiskalik egingo. Horixe da liberalen aldarrikapen nagusia. Merkelen arabera, "lehentasuna aurrekontuen sendotzea da". Liberalen buru eta Atzerri ministro Guido Westerwelle erabakiaren jakinaren gainean zegoela ere esan du.

Bundesrateko gehiengoa galdu izanak Merkelek proposatutako erreforma fiskalaren eta osasun planaren aldaketa oztopa ditzake, eta aspaldian ez bezala, eskuak lotuta dauzkate gobernukideek. Bundesraten legeen %70 erabakitzen dira. Liberalekin egindako akordio kritikatuaz gain, Greziako erreskate planean Berlinek ezarritako 22.000 milioi euroak daude porrotaren atzean.

Atzoko hauteskundeetan hamar puntu galdu zituen Merkelen CDU alderdiak, 2005eko bozekin alderatuta, eta SPD sozialdemokratak hiru puntu gutxiago baditu ere, berdinduta geratu da botoetan CDUrekin. Alemaniako eremu industrializatuen eta jendetsuenaren gobernuak koalizioen beharra izango du gobernatzeko. Sozialdemokratek Berdeekin ez dute nahikoa indar gehiengoa osatzeko; Ezkerrarekin joateko aukera dute, baina ez dirudi egingarria, sozialdemokratek orain arte aukera hori baztertu baitute. Beste aukera bat da Alemaniako Gobernua 2005etik 2009ra gidatu duen koalizioa egitea: CDUren eta SPDren artekoa. Baina gobernuan ez zitzaien ongi atera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.