74 urte zituela hil da Mertxe Etxeberria, gaixotasun luze baten ondorioz. 1999. urtean hartu zuen Hernaniko alkatetza, eta, hala, kargu hori hartzen zuen lehen emakumea bilakatu zen. Euskal Herritarrok alderdiaren ordezkari gisa jardun zuen postuan, 2003. urtean alderdia ilegalizatu zuten arte. Auzitegi Nazionalera ere bidali zuten Etxeberria, Ekain Ruiz etakidearen hil kapera udaletxean jartzeagatik.
Hala ere, bere agintaldian oroimen historikoari eman zion garrantziagatik nabarmendu zen Etxeberria, besteak beste. 2002. urtean Aranzadiri eskatu zion 1936. urtean Hernanin izandako hilketak eta herriko hilerrian zeuden bi hobi komunak aztertzeko, uste baitzuten Hernanin fusilatu zituzten hogei bat herritar han egongo zirela. Indusketa horietan ez zen gorpurik agertu, baina kaxa berezi bat aurkitu zuten. Geroago jakin zenez, hildakoak Erorien Haranera eramateko erabiltzen zituzten mota horretako kaxak.
Etxeberriak berak geroago elkarrizketa batean azaldu zuenez, emaitza «eskasak» lortu zituzten, baina ikerketa horrek balio izan zuen ondoren beste herrietakoak egiteko, «pauso bat» izan zelako.