AEK-ko Mertxe Mugika izendatu dute Soziolinguistika Klusterreko lehendakari, bazkideen artean egiten duten txandakako sistemari jarraikiz. Printzipioz, datozen bi urteetarako hartu du kargua Mugikak, orain arte lan horretan aritu den Eusko Ikaskuntzako Mikel Irizarrek zuzendaritza utzi ondoren.
Atzo egindako ezohiko batzar orokorrean hartu zuten Zuzendaritza Batzordea berritzeko erabakia. Ardurak berrantolatuta, horrela geratu da zuzendaritza: AEK-ko Mertxe Mugika izango da zuzendaria; Euskaltzaleen Topaguneko Jasone Mendizabal lehendakariordea; Elhuyar aholkularitzako Maddi Etxebarria diruzaina; eta Soziolinguistika Klusterraren zuzendari Imanol Larrea idazkaria. Horietaz gain, zuzendaritzako kide izango dira Gipuzkoako Urtxintxa eskolako Maite Asensio, Artez euskara zerbitzuko Estiñe Astorkia, Emun kooperatiba elkarteko Anaida Agirre, Mondragon Unibertsitateko Eneritz Garro, Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko Miren Segurola, Eusko Ikaskuntzako Ibon Manterola eta Soziolinguistika Klusterreko Asier Basurto.